SAN BENOATEN BIZITZEA
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00576.htm
Guk, Bastidako benediktanoen Aita Priorak, irakurtu dugu eta irakurt arazi gure komentuko Aita Basiliok egin duen liburua, San Benoaten Bizitzearen gainean. Iduritzen zaiku liburu hori arimen argitzeko eta Jainkoaren amodioaz sustatzeko gai dela.
Eta hortarakotz, gure izenean eta gure aintzindari jaunen izenean, gogo onez ematen diogu liburu horri gure baimena.
Bastidan egina, errearoaren 27an 1887an.
Aita Agustin, priora.
Guk, ikhusi ondoan Aita Agustino Bastidako benediktanoen Prioreak eman duen baimena San Benoaten Bizitzeari, eskuaraz Aita Basiliok eginari, gogotik onhartzen dugu izan dadien inprimatua, eskualdunen arimen onetan.
Emana Baionan errearoaren 27an 1887an.
Inchauspe, bik. genla.
Pax
Hitz bat Eskual-Herriko aphez
Nere Jaun eta lagun onei
Elizak izatu dituen Aita-Saindu guzien artean aiphatuenetarik bat da San Gregorio Handia.
San Gregorio fraide benediktano bat zen, Aita-Saindu izan baino lehen.
Hala-hala, ikustatez eta amodioz bethea San Benoat bere Aita loriosaren alderat, zeren irakatsi zion saindutasunerako bidea, egin zuen bere baithan, behar ziotela ezagutarazi jende guziei nolakoa izatu zen Aita on haren bizia.
Egia errateko, ez du berak bere begiz ikusi, kondatzen darozkigunetarik deusere, San Benoatek bazuelakotz, jadanik, berrogoi urthe hila zela, Gregorio fraidetu zenean; bainan oraino orduan, bazen asko fraide, San Benoat ezagutu zutenak. Eta hekien ganik izatu zituen nahi zituen xehetasun guziak.
Niri ere, batzuk eta bertzek adiarazi darotet zor niotela, hala komentuko nola kanpoko eskualdun lagunei, San Benoaten ezagutaraztea.
Hasi naiz beraz lan hortan eta akhabatu ere dut, San Gregorioren liburua zabalik naukalarik bethi nere begien aintzinean.
Badakit liburu ttiki hau irakurtua izanen dela gure komentuetan.
Eta komentuetarik kanpo, zer begitharte egina izanen zaio?
Ez dakit.
Ordean, zuei nago, Eskual-Herriko nere Apez lagun jainkotiarrak.
Bai, behin gerthatzen bazautzue liburu hunen idekitzea pixka bat, zabal zazue osoki, eta ikusiko duzue laster, ez dela gaitz edo nekhe hunen irakurtzea, ez aditzea edo konprenitzea.
Eta zuek hala nahi duzuelarik, ezagutua eta irakurtua izanen da gure Eskual-Herri maitean.
Eta badukezue, zuek ere, zuen ikustekoa, gomendatuak izatu zaizkitzuen arimei eginen dioten ongian.
Lehen Kapitulua
San Benoatek nola daraman bere haurtasuna
San Benoat gure Aita loriosa sorthu zen Italian, Nurciako hirian, Erromako hiriari hurbil. Hunen amaren izena Abondancia zen; eta aitaren izena, Utrope. Eta hala aita nola ama, biak jende handien-handienetarik ziren; biak guziz aberatsak, eta, bertzalde, biak egiazko giristinoak.
Ama galdu zuen hainitz goizik.
Hala ere, aitak egin zituen bere egin-ahalak berthute guzien hazien eraiteko bere haur maitearen bihotzean.
Eta nola Benoatek ere baitzituen berthuterako jaidurarik hoberenak, goizik ohartu ziren haren inguruan zirenak, maite zuela berthutea, eta bazela hura baithan, adinak ematen zion baino zuhurtzia handiagoa. Horra zergatik, ezarria izatu zen Erromako eskoletan, zazpi urtheak bethe zitueneko.
Bazuen jadanik zazpi urthe eskola hetan zabilala ohartu zenean, eskolierek bazutela, beren artean, behar ez den bezalako zerbeit josteta.
Eta, ohartu bezein sarri, egin zuen bere baithan etzuela gehiago zangorik ezarriko eskola hartan.
Gutixago jakinen bazuen ere, nahi zen baitezpada salbatu.
Utzi zuen beraz eskola. Eta gero, etxerat joan-orde, hartu zuen mendi arte batzuetarako bidea. Ez bizkitartean bakharrik. Ezen amañori erran zion, nolakoak ziren haren xedeak. Eta emakume hura jarraiki zitzaion; etzitzaiolakotz iduritzen haur gazte hura bakharrik bizi zitekela.
Hargatik etzen joan, ordu beretik, borturat. Bainan gelditu ziren biak izena Afile duen herri batean.
Benoaten lan guzia, herri hartan, othoitz eta penitentzia egitea zen. Eta hain kharsuki hari zen bere lanari, non jendea harritua baitzagon beira haren bildura sainduari.
Ordean, huna zertarik ezagutu zuten hobeki nolako indarrak zituen ordukotz Jainkoaren aintzinean:
Amañok hautsi zuen behin, uste gabetan, lurrezko bahe bat, jende behar batzuei maileatu edo prestamaz hartu ziotena. Eta gero, atsekaberik handienean zen eta dena gogoetatua, etzakielakotz nola eman ez saririk ez ordainik jende gaixo hekiei.
Benoat gazteak, ohartu zenean amañoren atsekabe hortaz, hartu zituen bere eskuetan puska guziak, egin zuen othoitz labur bat, eta hain sarri puska guziak elkharri lothu ziren, eta bahea antholatua zen, hautsia izatu ez balitz bezala.
Jendea harritu zen ikusiz zer mirakuilua egin zuen. Behar zuen, beraz, hainitz ohore han berean egotu balitz.
Bainan nola ez baitzen etxetik atheraia jendez ohoratua izatea gatik, utzi zituen han berean jende on hek guziak, eta joan zen Subiakeko oihanerat buruz, bere amañoari berari ere deusik erran gabe.
Mendi mazela bati gora zohalarik, fraide bat hurbildu zitzaion. eta galdetu zion zeren bilha zabilan biderik ere etzen toki hetan.
Eta Benoatek, ikusiz Jainko guziz onak bidaltzen ziola fraide hura, ezagutarazi ziozkan bere xede guziak: nahi zela gorderik egon, nihork atxemanen etzuen leze batean; behar zela saindutu, eta, hartarakotz, nahi zuela penitentzia egin.
Erroman zuen fraide hark izena. Eta hura zen mendi arte hetan zen komentu bateko fraide bat.
Erromanek ikusi zuen laster, Jainkoaren Izpirituak athearazi zuela haur hura mundutik.
Erran zion, beraz, bazakiela leze bat harrek nahi zuen bezalakoa, eman zion ere fraide arropa, eta gero, gidatu zuen leze beltz-ilhun baterat, hitz ematen ziolarik, berak ekharriko ziola baitezpada behar zuen jatekoa, nihori deusik erran gabe.
Benoat sarthu zen, beraz, leze hartan atseginik handienarekin, eta Jainko Jaunari eskerrak ematen ziozkalarik. Eta eman zen Izpiritu Sainduak harrarazten zion lanari, erran nahi baita, Jainkoaren maitatzeari eta bertute guzien pratikatzeari, khenduz bere izpiritutik mundua eta munduko gauza guziak.
Lan hortan ongi joaiteko, etzen izaten ahal bide hobe bat, berbera zagonaz geroz, gau eta egun, nihoiz nihor ikusi gabe, nihoren mintzorik entzun gabe.
Ezen, Erroman bera ere etzitzaion jausten lezearen ahoraino, halakoak zirelakotz hekien arteko hitzak. Bainan jausten ziozkan, noizik behinka, otharre batean bere eguneko ogi zathiari khentzen ziozkan ogi pixkak, nihoiz hitz bat erran gabe.
Otharrea soka batetik zabilaten, goiti eta beheiti; eta, otharreari estekatua, bazuten xilintxa bat, Benoat ohart ahal zadin jatekoa han zuela.
Hala hari zirelarik biak zerukotzat aberasten, Benoat bere bizitze garratzaren bidez, eta, aldiz, bertzea ekharriz hain sainduki bizi zenari gosez ez hiltzeko behar zuena, gure arimen etsaia beldurtu zen, ian haur gazte hura ez othe zen saindu handiegi baten gaia.
Egia erratera beldur izateko zuen. Halakoak ziren, alabainan, haren sua penitentzia egiteko eta haren amodioa Jainko Jaunarentzat.
Etzituela, beraz, utzi behar nahi zuten guziaren egiterat, hautsi zioten xilintxa, harri ukhaldi batez.
Ordean, Erroman etzen gelditu hartakotz, harri kasko hartara joaitetik, bere otharrea ogiz bethe zuenean; ogia han zuela ere, adiarazten zion nolazpeit; eta Benoat haritu zen aintzina geroago eta sainduago bilhakatzen.
Bigarren Kapitulua
Jainkoak ezagutarazten du Benoaten saindutasuna
Bazuen, jadaneko, hirur urtheren heina Benoat bere harpean zela eta hari zela, geroago eta hobeki, geroan bertzei irakatsi behar ziozkaten berthuten pratikatzen, Jainko Jaunari iduritu zitzaionean behar zuela ezagutarazi nolako saindua zen gizon gazte hura.
Bazko egunean, ondo hetako errotor bat bazkaritera zohan, mintzo batek erran zionean: «Zu, bazkari on horren egitera zohazi, eta, aldiz, Benoat nere zerbitzari maitea, gosearen-gosez hiltzeko heinean da».
Zerutikako mintzo hura entzun bezein sarri, apeza xutik eman zen; hartu zuen bere bazkari guzia, eta, ibili ondoan luzez, mendiz-mendi eta oihanez-oihan, heldu zen azkenekotz San Benoaten lezera, berak batere etzakielarik nola.
Jainkoaren Izpirituak errana bide zion saindu gazteari ere, arrotz hura gizon jainkotiar bat zela. Ezen elkhar besarkatu zuten berehala; eta gero, biak eman ziren belhauniko, behar zutela othoitz pixka bat egin, Jainkoari eskerren emateko.
Benoat Saindua aintzina ere hariko zen; ordean apezak erran zion: «Aldi bateko, badugu aski. Xuti gaiten! behar gare bazkaldu. Ezen egun Bazko da».
«Bai, nere Aita, ihardetsi zion San Benoatek, egun, bederen neretzat, Bazko da, Jesus Jaunak eman darotanaz geroz zure ikusteko atsegina».
Apezak ikusi zuen orduan gizon gazte harrek etzakiela batere zein egun zen.
Erran zion beraz, berriz ere: «Nere haurride maitea, sinhets nazazu, egun da Bazko. Eta Jesus Jaunak bidaltzen edo igortzen natzaitzu, ez duelakotz nahi egun barur egin dezazun. Aitzitik bai, har dezazun nere bazkari ttiki huntarik, zure barneak galdetzen darotzuna».
Orduan, San Benoat xutitu zen, Jainko Jaunaren ontasuna ederresten zuelarik, eta egin zuten bazkari xume bat, jateko denbora ere zeruko gauzez mintzo zirelarik.
Horrela bazkaldu zuten, eta gero apeza joan zen etxerat, dena gogoetatua, ikusiz zein saindu handia zen gizon gazte hura.
Etzuen hainitz denbora apez hura han barna ibilia zela, artzain batzu ere ohartu zirenean, bazela Subiakeko lezean, jende edo basa-ihizi, nor edo zer, han zagonik.
Kontu eman hobeki, eta ezagutu zuten jendea zela. Eta eginez beren baithan, jendea zenaz geroz, saindu bat zela, joan zitzaizkon behar ziotela eman jateko zerbeit.
Sainduak hartu zioten, ez hek nahi zuten guzia; bainan, amoina egin nahi ziotelakotz, hartu zioten pixka bana. Eta gero, hala aldi hartan nola ondokoetan, ongi irakatsi eta adiarazi zioten zer behar zuten egin zeruko loriarat heltzeko.
Ordu beretik banatzen hasi zen berria, saindu handi bat bazagola Subiakeko lezean. Ezen, ez apeza ez-eta-ere artzainak etziren egotu ixilik. Bainan mintzatu ziren zoratu eta harritu zituen gizon gazte hartaz.
Hala-hala jendea abiatu zen alde guzietarik San Benoaten ganat. Guziek ikusi eta aditu nahi zuten.
Eta etziren gutiak, haren solhas sarkorrak entzun-eta, bekhatuzko urratsak uzten zituztenak.
Ifernuko izpiritu gaixtoak ere ikusi zuen orduan zer kalte handiak egin behar ziozkan gizon gazte harrek, non-eta etzuen bere bidetik makhurrarazten.
Behin, beraz, San Benoat bakharrik zelarik, Satan joan zitzaion ondo-ondora, hegastin ttiki-beltx baten itxuran, eta, inguruka-inguruka, hain hurbil ibili zitzaion, non errexki atxemanen baitzuen, besoa luzatu balu.
Bainan San Benoati gogoak eman zion berehala hegastin hura etzela lurreko ihizietarik, eta egin zuen gurutzearen seinalea.
Bai! ihizia, edo xoxo zelakoa, galdu zen gurutzearen seinalea egitearekin; ordean, sainduari gogoan jarri zitzaion Erroman ikusirikako andre lorios eta eder baten orhoitzapena, handik khen etzezaken bezala. Eta, ordu berean, halako gaizkirako sua piztu zitzaion bihotzean, non izatu baitzen, bere bizitze saindua utzi-eta, Erromarat joaiteko pondu-ponduan.
Behar-ere, oihu egin zion Jesus Jaunari. Eta Jesus Jaunari esker, garhaitu zuen tentazione ikharagarri hura. Bainan hartarakotz, eman zen soinekorik gabe; eta ibili zen ihauska edo ihalozka, asunik eta lapharrik baizen etzen sasi batean.
Eta halaz, gorphutz guzia dena odoletan ezarri zuela erran gabe doha.
Bai! gorphutz guzia funditu zuen. Bainan ordu berean, garhaitu zuen, behin bethikotz, lohikeriarako jaidura guzia. Halako atsegina egin zion Jesus Jaunari, eta halako atsekabea ifernuko etsai zikhinari!
Hirurgarren Kapitulua
San Benoat Fraide nagusi. —Fraide gaixto batzuk
nola phozoinatu nahi izatu zuten
San Benoatek jasanak zituen, jadaneko, guduka horiek; bazuen ere, berekin, zenbeit fraide lagun, hil zenean inguru hetan fraide-etxe bateko Abadea edo Aintzindari-nagusia. Eta fraidek, elkharrekin hala hitzarturik, igorri ziozkaten Benoati mandatariak, behar zela othoi jarri hekien nagusi.
Ordean, San Benoatek etzioten onhetsi beren galdea, bazakielakotz arras ongi nolako bizitzea zaramaten.
Hala ere, eta nahiz erraten zioten etzirela on elkharrekilako, joan zitzaizkon mandatariak, bertze behin, eta hirurgarren aldian ere bai, agintzen ziotelarik, azkenekotz, hark erranen ziozkaten guziak eginen zituztela.
Eta halaz, bildu zuten beren ganat Benoat Saindua. Ez hargatik behin bethikotz.
Ezen nagusia saindu eta bere egitekoari jarraiki bezein, lazo eta nagi ziren fraide hek guziak. Nahi zuten, naski, zerua irabazi, eta hortakotz utziak zituzten etxea eta etxekoak, bainan lurraz ere nahi ziren gozatu.
Unhatu ziren, beraz, laster San Benoaten irakaspenez eta etsenpluez. Eta lehen-bai-lehen ixilaraztea gatik, iragan zuten, elkharren artean, phozoinatuko zutela.
Eman zioten beraz edaterat, gathilutara bat arno phozoinatu.
Bainan Sainduak, edari hura hartu gabe, egin zuen gurutzearen seinalea haren gainera. Eta ordu berean, harri batez jo balu bezela, gathilua bi erdi egin zen eta edaria ixuri.
San Benoatek ikusi zuenean gaixtakeria hura, erran zioten: «Jainkoak barkha dezautzuela, nere haurrideak, egin nahi izatu darotazuen gaizkia. Banakien, eta erraten ere nautzuen, ez ginela on elkharrentzat. Bilha zazue, beraz, orai, dohatzuen bezalako nagusia. Nik emanen dautzuet bakea». Eta, solhas horiek erranik, joan zen, bere oihan-zokho maiterat.
Oihan hartan, bakharrik bere baithan eta Jainko maitearekin egonen zelako ustekeria ere bazukelarik, bazter guzietarik jendea abiatu zen haren ganat. Eta etziren bakharrak, othoizten zutenak har zetzala bere lagun, nahi zirela hek ere salbatu.
Egin behar izatu zuen beraz komentu bat, bainan hura laster bethe zen.
Egin zuen orduan bigarren komentua, haren ondotik hirurgarrena. Eta azkenekotz bazituen, batzu bertzen ondotik eginak, hamabi.
Lehenbiziko komentu hetan sarthu ziren haurride edo fraidegaien artean, izatu ziren ere bi haur, geroan ongi ezagutu behar gintuenak: Maore eta Placide.
Hekien aitak Erromako aitoren-seme handienetarik ziren. Eta hala ere ekharri ziozkaten beren haurrak, bertze hainitzek bezala.
Maorek hamabi urthe zituen komentuan sarthu zenean, eta, aldiz, Placidek zazpi edo zortzi.
San Benoatek atsegin handia hartu zuen hekien ethortzeaz. Ezen Jainkoaren graziaz argitua, ikusten zuen zein saindu handi bilhakatu beharrak ziren, eta, bertzalde, nola hekiei esker altxatzera zaraman ordrea, ezagutua eta maitatua izan beharra zen Italiatik kanpo, eta herririk urrunenetaraino.
Laugarren Kapitulua
San Benoatek egiten dituen mirakuilu batzu
Erran dugu, hainitz denbora laburrik barnean, egin behar izatu zituela hamabi komentu. Fraide-etxe hetarik bakhotxak bazuen bere aintzindaria. Bainan guzien lehen aintzindari nagusia San Benoat zen. Eta haren gana zohazin guziak, behar ordu handi zerbeit zutenean.
Bada, komentu hetarik hirur mendi bizkar batean ziren, eta hargatik mendi guzia urik gabe zen. Halako gisaz non, haurrideak bortxatuak baitziren jaustera, egun guziz, ur handira, bidexka gaixto batzuetarik, uri ala atheri izan zadila.
Komentu hetako haurride edo fraide guziak joan zitzaizkon beraz Aita San Benoati, eta othoiztu zuten utz zetzala etxe berri batzuen egiterat bertze nonbeit, urari hurbilago.
Gure Aita loriosak erran zioten, berantxago ikusiko zutela zer beharko zuten egin. Eta igorri zituen zein bere komenturat, solhas on eta maite batzu erran-eta.
Ondoko gauean, mundu guzia lo zagolarik, Benoat Sainduak atzarrarazi zuen Placide ttikia, eta, hura lagun harturik, joan zen komentuak ziren mendi bizkar hartara. Han, ahuspeka jarririk, luzez othoitz egin zuen.
Eta, gero, aski egin zuela iduritu zitzaionean, edo hobeki errateko, ezagutu zuenean Jainkoak ematen ziola galdetzen ziona, erran zion Placideri ezar zetzala hirur harri ttiki elkharren gainean, erakusten zion harrokaren kaskoan; eta joan ziren beren komenturat.
Biharamunean ere ethorri zitzaizkon San Benoati ohiko fraideak, ohiko galde beraren egiterat: utz zetzala, othoi, beren komentuaren egiterat, urari hurbilago.
Eta San Benoatek erran zioten orduan, zohazila beren mendi bizkarrera, eta non ere atxemanen baitzituzten hirur harri ttiki, bat bertzearen gainean ezarriak, han zilha zezatela harroka pixka bat, eta izanen zutela behar zen ura.
Ordu hura gabe ere, fraidek bazakiten indar handia zuela Jainkoaren aintzinean hekien nagusiak.
Hala-hala, atsegin handia egin zioten fraide hekiei solhas horren aditzeak. Joan ziren beraz bozik, beren mendi bizkarrerat, bilhatu zuten harriak non othe ziren, eta ikusi zuten ur nigar bat bazariola jadaneko harroka hari.
Orduan egin zuten manatua izatu zitzaiotena, zilhatu zuten pixka bat, eta, hain sarri, abiatu zen mendi mazelari behera, egundaino geroz agortu ez den ithurri bizia.
Huna oraino nolaz San Benoatek egin zuen mirakuilu bat.
Bazuen bere komentuan, eta gogo onez hartua halere, gizon gazte agot bat, adimendu laburrekoa, eta bide handiko gizon gaizo bat.
Halako aldi batez, usin edo ur geldi barna baten hegian egin nahi zuten baratze bat. Pika zezala beraz sasi bat, toki hura guzia hartzen zuena, eman zioten fraide agotari sega bat. Eta hura, halako suarekin eman zen bere lanari, non sega jauzi baitzitzaion giderretik edo iguñetik, eta joan ur handiaren zolarat.
Ikusi zuenean sega galdua zuela, fraide gaizoa joan zen, dena ikharetan, bere hutsaren aithortzera Maore fraideari, eta denbora berean haren hutsari zohakon penitentziaren bilha.
Ez dugu zeren erran, Maorek eman zioken penitentzia etzitekela handia. Bainan fraide gazte hark egin zuena hau zen: joaitea Aita San Benoati erratera zer zitzaion gerthatu fraide agotari.
San Benoat joan zen orduan, bera, ur handi haren hegira, arthiki zuen sega-giderra urerat, eta, ordu berean, sega altxatu zen ur zolatik, eta eman zen, bera, bere giderrean.
Eta han ziren haurride guziak han zaudelarik harrituak, mirakuilu hari beira, Benoat Sainduak eman zion bere tresna fraide agotari, erraten ziolarik:
«Horra non duzun zure sega, hari zaite orai lanean, bihotza laxorik».
Casingo mendiko ixtorioek diote San Benoatek egin izatu zuela mirakuilu hori bera bertze aldi batez ere.
Eliza baten egiten hari zirelarik itsas bazterrean, hargin bati erori zitzaion bere phalota urerat, giderra eskuan baratzen zitzaiolarik.
San Benoatek orduan ere arthiki zuen giderra itsasorat, eta hain sarri, burdina airatu zen itsaso zolatik, eta bera giderrean pharatu.
Huna oraino bertze mirakuilu bat bazter guzietan aiphatua eta ezagutua dena:
Behin batez, San Benoat dohatsua bere gelan zelarik, Placide ttikia ur handirat joana zen pegarraren bethetzera. Bainan pegarra bethe zuenean, pegarra altxatu-orde, pegarraren haztak erorrarazi zuen urerat.
San Benoatek etzuen ikusten ahal, zer gal-ordean zen haren Placide maitea. Eta hargatik, ekharrarazirik berehala Maore, erran zion: «Anaia maitea, egizu laster. Ezen gure haurra, urketa joana baitzen, urerat erori da, eta, jadanik, urrun eremana du urak».
Maore belhaunikatu zen ordu berean bere Aita onari, benedizionea galdetzen ziolarik, eta joan zen. Joan zen aintzina, konturik egin gabe, ian lur idorra ala ura zuen zangoen azpian. Eta heldu zenean Placideren gana, burua agerian baitzuen, hartu iletarik, eta ereman zuen leihorrerat.
Orduan ohartu zen bakharrik egin zuen lanaz, eta nola ibili zen uraren gainean, lehenago Jondoni Petri bezala. Eta dena laztua eta harritua, joan zitzaion bere Aita onari erratera zer gerthatu zitzaion.
San Benoatek erran zion haren lana etzela bertzerik, baizen ere mirakuilu handi bat, Jainkoak egin zuena haren obeditzearen saristatzeko.
Maorek, aldiz, erraten zion etzuela mirakuilu hartan ikustekorik batere, etzenaz geroz ohartu ere zer egiten zuen, ez non zabilan.
Orduan mintzatu zen uretik atheratua izatu zena. Eta harrek ezarri zuen bakea nagusiaren eta ikaslearen artean solhas huntaz:
«Uretik kanpo nindaramalarik, nik ikusi dut nere buruaren gainean Aita Abadearen larruzko kapa, eta hortarik ezagutu dut Aita Abadeak atheratu nauela uretik».
Bortzgarren Kapitulua
San Benoat bortxatua da bere hamabi komentuen uzterat
Jendea mintzo zen hainitz, bazter guzietan, gure Aita loriosaz, aiphatu ditugun eta aiphatzeko utzi ditugun bertze asko mirakuiluen gatik; eta hobeki oraino, hark eta haren fraide lagunek zaramaten bizitze sainduaren gatik.
Eta erraten ziren gauza zoragarriak entzutean, gutiz gehienek Jainko Jaunari ematen ziozkaten eskerrak, zeren emana zitzaioten halako etsenplu sainduen ikustea.
Etzen hargatik mundu guzia bozkarioan. Satanek bazakien etzuela gizon gazte hura baino etsai handiagorik izaten ahal. Eta hortakotz errabiarik borthitzenean zagon gure Aita loriosarentzat.
Bazituen ere, ondikotz, muthilak, berak zuen malezia beltza harrarazi ziotenak. Muthil dohakabe hetarik bat Floran deitzen zuten.
Hura zen gizon bat, Jainkoaren ezagutarazten eta maitarazten hari behar zukena; bederen atsegin egiazko bat hartu behar zukena, zeren bertzek bederen ematen zioten Jainko Jaunari eman zezaketen ohorea eta laudorioa; eta bizkitartean bekhaizgorik beltzenaz xukhatua eta errea zagona, zeren hainbertzetarainokoan aiphatua zen San Benoat, eta zeren hainbertze jende bazabilan haren ikusten.
Etzuen trixte hark aski odol bere zainetan egin behar zuenaren egiteko, ez bere izpirituan aski argi ikusteko bertzek egiten zutena etzela gaizki, bainan bai ongi.
Gaitzi zitzaiolakotz, beraz, San Benoaten eta haren haurren bizia, erran zuen lehenik, hala Aitaz nola haurrez, asmatu ahal izatu zuen gaixtakeria edo tzarkeria guzia. Gero, ikusi zuenean etzuela nihork konturik egiten haren erranei, egin zuen bere buruarekin behar zuela hilarazi San Benoat. Eta huna zer egin zuen:
Denbora hetan, elkharrekilakoa atxiki nahi zuten jendek elkharri igortzen ohi zuten ogi bana. Oraiko egunean ere, asko tokitan, amabitxiak igortzen dio, Bazkoz edo bertze besta buru zenbeitetan, bere seme edo alabitxiari, San Benoaten denboretan ematen zen hura bezalako ogia.
Floranek beraz, alegia gurkhurulo-ogia igortzen, eta igorri zion ogi phozoinatu bat.
Ordean Jainkoak adiarazi zion bere Saindu maiteari ogi hura phozoinatua zela, eta zergatik igorria zitzaion. Hala ere, begitharte ona egin zion haren ekharleari, eta hartu zuen eskerrak ematen ziozkalarik.
Bainan nola baitzuen bele bat othuruntza ordu guziz oihan batetik joaiten zitzaiona bere zathiaren bilha, aldi hartan arthiki zion ogi phozoinatua, erraten ziolarik:
«Jesu-Kristo Jaunaren izenean, harzak ogi hori, eta eremanzak nihork gehiago ikusiko ez duen toki baterat».
Belea abiatu zen berehala, hegaldaka, lephoa luzatua, mokoa zabal-zabala eta karrankaz. Bainan etzen lotzen ogiari. Ageri zuen garbiki beldur zela.
Bitartean Jainkoaren zerbitzari handiak erraten zion har zezala, etziola minik eginen, har zezala eta ereman handik.
Belea luzez ibili zen inguruka. Hargatik azkenean hartu zuen mokoan eta ereman zuen. Eta etzen ethorri San Benoatek ematen zion puskaren bilha, hirur orenen buruan baizik.
Floran dohakabeak ere ezagutu zuen denborarekin huts egin zuela bere ukhaldia. Bainan urrikitan sarthu-orde, gogoratu zitzaion behar zuela gaixtakeria handiago bat egin.
Bildu zituen beraz zazpi emakume tzar. Eta, hekiei emanik nahi zuten diru guzia, bidali zituen San Benoaten komentuko baratzerat: han eginen zutela ahal bezenbat hirri, izkiritu eta sinu tzar. Eta, hala, eginaraziko ziotela fraidei ahal bezenbat bekhatu.
Gure Aita loriosa, ohartu zenean bigarren gaixtakeria hartaz, egiazki lotsatu zen, fraideak oraino gazte zirelakotz. Eta egin zuen bere baithan, gizon trixte harrek etzuenaz geroz higuin nihor hura baizik, joan behar zela handik, eta orduan bertzek izanen zutela bakea.
Izendatu zituen beraz hamabi komentu hetakotz hamabi aintzindari, eta hartu zuen Naple alderat daraman bidea, fraide bakhar batzuekin.
Floran gaixtaginak etzuen bertzerik bilhatzen. Hala-hala, ikusi zituenean San Benoat eta haren lagunak beren komentutik kanpo zohazila, bozkarioak bihotzetik gaindi egin zion. Eta paseietan zabilan etxe aintzineko galeria batean, galeria hura betbetan lehertu eta erori zenean, berarekin lehertzen eta funditzen zuelarik eliza-gizon dohakabea.
Etzuen oraino hainitz denbora San Benoatek bidean zela. Eta bazohan aintzina, bere bihotz eta gogo guziaz othoitzean hari zelarik bere komentu hetan utzi zituen fraidentzat, hetarik bat, guziz maite zuena, ethorri zitzaionean gibeletik erratera zer gerthatu zen. Fraide hura Maore zen.
Maorek, beraz, erran zion etzuela zeren urrunago joan; Floran bere etxe aintzineko galerian zabilalarik buru batetik bertzera, erori zela bere galeriarekin, eta han berean gelditu zela hil-hotza.
San Benoatek gaizkiak erran ziozkan Maoreri, ezen halako atsegin batekin kontatzen ziozkan berri horiek. Eman zion ere penitentzia handi bat eta joan zen aintzina.
Zeren-eta gogoak erraten baitzion behar zuela egin, Italia-beherean, komentu bat bertze fraide-etxe guzien ama edo nagusia izanen zena.
Seigarren Kapitulua
Casingo komentua, eta San Benoatek gure arimen
etsaiarekin dituen guduka berriak
Bidez-bide, gure Aita loriosa heldu zen Napleko hirira. Eta Napleko hiritik joan zen hango zelhai eder guzien gibelean den mendi gora bati buruz.
Mendi hura Casingo mendia deitzen zuten; haren zolan bazelakotz hiri ttiki bat, izena Casine zuena.
Mendi haren gainetik beira jarri nahi denak, ikus dezake, iphar-aldean, haran eta hibai edo ur-handi batzuen gibelean, mendi lerro handi bat, beren kasko zorrotzekin, eta beren mazeletan ere ez dutela harrokarik eta harrokarik baizik.
Ikus dezake oraino, eguerdirako aldean, Italia-behereko itsasoa; itsaso hartara biderdi, Napleko hiria; eta hiri hartarik hasirik eta itsasoraino, nork daki zenbat herri eta alhor eder.
Eta bada, Jainkoaren nahia zen Gure Aita San Benoatek mendi eta toki zoragarri hartan egin zezan bere Fraide-etxe Nagusia.
Mendi hartarat igan zenean, ikusi zuen hariztegi handi baten barnean jainko faltsuen eliza bat. Eta zango-hatzetarik ezagutu zuen errexki bazabilala eliza hartan jende asko.
Bai, mendi zola hartako jendeak pagano ziren oraino; eliza hartan eskaintzen ziozkaten sakrifizioak jainko faltsuei, eta gero egiten zuten zer-nahi zikhinkeria hariztegi hartako itzal-azpietan.
San Benoatek atsekabe handia hartu zuen, ikusteaz gure arimen etsaiak bere aztaparretan zaduzkala oraino herri handi bateko jende guziak.
Eta, konturik egin gabe, ian ez othe zituen hasarrearaziko pagano ondikozko hek, arthiki zuen berehala jainko-ordearen iduria edo potreta bere aldarearen gainetik, aldarea ere barraiatu zuen, eta errotik atherarazi oihan guzia.
Orduan hasi zuen bere komentua.
Eta bere fraide-etxearen eginarazten hari zelarik, eta bi eliza ttiki ere eginarazten zituelarik lehenagoko jainko-ordearen tenploa zen tokian, San Benoat bera bazabilan erran dugun pagano hekiei Ebanjelio Sainduaren predikatzen.
Eta emeki-emeki, egin zituen bere komentu ederra, bi eliza ttiki hek, eta jende pagano hekien guzien konbertiaraztea.
Berea zuen beraz Casingo mendia. Bainan etzuen hargatik, oraino, bakea. Gure arimen etsaia egundaino baino errabia handiagoan zuen. Egun batez, agertu ere zitzaion, dena den bezala.
Horrela agertu zitzaionean, Gure Aita loriosa bertze fraide batzuekin zen. Eta nola fraide hek entzuten baitzituzten Satanen oihuak eta auhenak deusik ikusi gabe, gure Aita onak erran zioten, harrek zer ikusten zuen, ziolarik:
«Beltz-beltza da, kheldarra bezala; suzko naza baten erdian dago pulunpatua; eta berari ere sua dario alde guzietarik».
San Benoatek erran zioten oraino bere haurridei:
«Dohatsu zarete, haurrak, zeren ez duzuen entzuten zer solhas zikhinak atheratzen diren haren ahotik, ez ikusten zer begi harmatuekin begira dagokigun».
Hargatik haurridek ere sumatu edo nabaitu zuten behin, oihuka hari zela gure Aita loriosari. Eta gure Aita maiteak etziolakotz konturik egiten, orduan zer-nahi erranka hari zitzaiola. Erraten ziola ere:
«Benoat, Benoat, ez, ehaiz hi Benoat, ehaiz hi benedikatua, izan hadi beraz madarikatua, eta ez benedikatua! Zer egin daiat, bethi eta bethi, nere ondotik ibiltzeko? Zergatik habila, bethi, nere ondotik, bertze etsaiik ezpahu bezala?».
Bainan denborarekin, Satan ohartu zen etzela deusik hari, bere solhas eta dixidu guziekin. Eman zen beraz sainduaren gudukatzen bertzela.
Behin etxe egiten hari zirelarik, langilek bazuten beren aintzinean harri handi bat. Behar zutela beraz ereman eta ezarri asentuan, edo egiten hari zuten pareta hartan, bi fraide lothu zitzaizkon harri hari.
Bientzat hazta handiegia zuela, hirurgarren haurride bat eman zen bi hekiekin. Ordean alferretan. Eman ziren han ziren guziak. Eta hala ere, etzezaketen higiaraz. Iduri zuen erroak eginak zituela.
Ezagutu zuten, beraz, haurridek bazela harri haren gainean zerbeit behar etzenik.
Orduan laster egin zuten beren Aita gana, erran zioten zer gerthatzen zitzaioten, eta othoiztu zuten ethortzeaz, han zutela, hekien arabera, izpiritu gaixtoa.
Bai! Saindua joan zitzaioten, othoitz bat egin zuen eskuak zerurat altxaturik, benedikatu zuen harria, eta ordu berean, altxatu zuten eta bere tokian ezarri unhadurarik batere gabe.
Satanek egin behar zioten oraino bertze gaixtakeriarik ere.
San Benoatek, bazakielakotz etsaia zerbeiten gatik zagola harri haren zain, haintzurrarazi zuen lurra, harria zen tokian. Eta atxeman zuten jainko-faltsu iduri ttiki bat. Iduri hura ereman zuten etxerat; eta gero, deusik etzuela balio, arthiki zuten zokho baterat.
Bainan ordu berean izatu zuten guziek izialdurarik handiena.
Batere etzakitelarik nola, piztu zitzaioten su bat gaitza, barne guzia hartu ziotena.
Harrituak eta laztuak, guziak eman ziren urketa; bai, ura arthikitzen zuten. Ordean zenbatenaz ere ur gehiago arthikitzen baitzioten, eta hainbertzenaz ere, sua handiago egiten zitzaioten.
Galduak zirela beraz, galduak zirela, joan ziren San Benoaten bilha.
Eta Sainduak, ikusi zuenean hekien izialdura eta lana, eta nola urez bethe eta itho zituzten bazter guziak, Sainduak, beraz, erran zioten ezti-eztia, eta irririk gabe, utz zezatela lan hura, han etzela surik. Etsaiak nahi izatu zituela hasarrearazi, iduriaraziz etxe guzia erretzen ziotela.
Solhas horrek are gehiago harritu zituen fraideak. Hala-hala, San Benoat eman zen belhauniko, Jainkoari othoitz baten egiteko, eta gero, xutitzearekin erran zioten: «Egizue orai gurutzearen seinalea». Eta, orduan, ikusi zuten etzela han surik izatu, bainan doidoia, su-orde bat, deusik erre etzezakena.
Etzen hargatik etsaia hainitz urrun joan. Edo, urrundu balin bazen ere, berriz ere ethorri zen, gaixtakeria handiago baten egiteko xedearekin.
Behin, fraideak hari ziren pareta zahar baten goratzen, eta gure Aita loriosa othoitzean hari zen bere gelan.
Betbetan, Satan agertu zitzaion gure Aitari. Eta hartaz trufatzen zelako irri batekin, erran zion:
«Banohak hire haurridetara. Behar diat ikusi zer hari diren».
Benoat Sainduak ere igorri zioten berehala mezua, kontu eman zezatela. Eta mezu-egileak, bide puska batean lasterka joanik, oihu egin zioten, etsaia berriz ere han zutela, gogo eman zezatela beraz zer hari ziren.
Ordean oihu hura entzutean berean, etsaiak arthiki zioten pareta puska handi bat, eta pareta haren azpian lehertu zioten haur gazte bat, Erromako aitoren-seme baten haurra.
Lanaren galtzea baizik ezpalitz izatu, deusik etzen izanen. Bainan haur bat hil zioten, eta haren gatik fraide guziak atsekaberik handienean ziren. Utzi zuten beraz lana, eta joan zitzaizkon beren Aita maiteari erratera zer gerthatu zitzaioten.
San Benoat etzen lotsatu. Aitzitik ekharrarazi zuen zaku batean haur gaixo haren gorphutza. Eta nahiz dena funditua eta zathikatua zen, halarik ere ereman zuen bere gelarat.
Gelan bera sarthu zen lagunik batere gabe. Han, athea ongi hetsirik, egundaino baino kharsukiago othoitz egin zuen, eta, ordu berean, haurra piztu zen. Gorphutza ere oso-osoa zuen, eta nihoiz deusik izatu ezpalu bezein ongi.
Eta hortakotz, Sainduak igorri zuen ordu berean bertze fraidekin, lagunt zetzala harginak etsaiak arthiki zioten paretaren berriz egiten. Eta Satan, egiazki ahalkatua, berriz ere urrundu zen.
* * *
Nor-nahi izan gaitezela, bainan balin badugu fedea eta Jainkoaren amodioa, Satanek ez daroku kalterik egiten ahal. Sainduek irri egiten zioten. Hain zuten axola guti haren amarruez eta dixiduez edo mehatxuez.
Orai arterainoko ixtorioek ez darokute bertzerik irakasten.
Bai, Satan ihesi zohan, San Benoaten beldurrez, gure Aita loriosa oraino lur huntan zelarik. Eta, egungo egunean, gure Aita zeruko lorian delarik, zer egiten othe du Satanek?
Egungo egunean, bethi bezala, Satan ihesi doha San Benoaten aintzinean.
Zenbat ixtorio ez ginuke aiphatzen ahal egia horren aldera?
San Benoat gure Aita loriosaren ganik laguntza handi hori nahi duenak ekhar beza soinean Saindu hunen gurutzea edo medaila, eta ez du zeren Satanen beldurrik izan.
Zazpigarren Kapitulua
San Benoatek zer egin zuen Escolaztica bere arrebarentzat
Ez da saindurik bere bihotza bethea izatu ez duenik, lagun urranekoaren edo protsimoaren amodioaz. Eta zenbatenaz ere maiteago baitzuten Jainkoa, eta hainbertzenaz ere egiten zuten gehiago, lagun urranekoaren onetan.
Orai berean, San Benoatek egin baitu hainbertze eta hainbertze penitentzia, Subiakeko lezetik atheraz geroz, hori guzia egiten zuen, Jainko Jaunaren geroago eta hobeki ezagutarazteko eta maitarazteko.
Huna, bidenabar, zer egin izatu zuen Escolaztica bere arrebarentzat; eta ordu berean, nork daki zenbat neskatxa gazte eta emakume alhargunentzat.
San Benoatek bazuen arreba maite bat, etxean utzi zuena aitarekin. Bainan aita hura egiazko aita giristinoa zen. Hala-hala, behin baino gehiagotan galdetu zion Jainko maiteari, eman zezola haren alabari ere, munduko lanjeretarik urruntzeko gogoa.
Bada, orai ere, han-hemenka, halako zenbeit aita bakhar.
Escolazticaren aitari, gerthatu zitzaion bere nahi sainduaren arabera. Ezen haur harrek utzi zuen mundua goizik. Eta behar ziola Jesus Jaunari eman bere bihotza, behin-bethikotz sarthu zen komentu batean.
Bazuen jadanik asko urthe komentu hartan zela, jakin zuenean Benoat haren anaia sainduak egin zuela bere komentu-nagusia, Casingo mendiaren gainean; eta bazter guzietan, jendea mintzo zela haren saindutasunaz, eta hark egiten zituen mirakuiluez.
Ordu berean gogoak egin zion behar ziola galdetu bere anaiari, egin zezala neskatxa gaztentzat eta bertze emakumentzat, gizonentzat egin zuen Erregela hura bezalako zerbeit. Eta athera zen zagon komentu hartarik, ongi adiarazi ondoan bere aintzindariei nolako gogoetez hartua zen haren izpiritua.
Ez dugu zeren erran, etzela ttikia izatu bi haurride saindu hekien atsegina elkhar ikusi zutenean, hainbertze urtheren buruan.
Luzez mintzatu ziren beren berriez, eta Jainko Jaunak egin ziozkaten grazia handiez. Eta azkenean, Escolaztica menturatu zen erratera bere anaia maiteari nolako gogoetak eta xedeak zituen buruan egun hetan; eta, haren ustez, komentu berri baten egiteko gogoeta hura Jainkoak emana zuela.
Gure Aita loriosak etzion erran ezetz.
Ordean, othoitz hainitz egin eta eginarazi ondoan, ikusi eta ezagutu zuen egiazki Jainkoaren nahia zela egin zezan bere arreba sainduak galdetzen ziona.
Egin zuen, beraz, emazten komentua, Casingo mendi zolan. Eta Escolazticari, eta haren ganat alde guzietarik ethorri ziren neskatxa gazte eta emakume jainkotiarrei, eman zioten bere Erregela Saindua, erraten ziotelarik:
Erregela haren azpian bizitzeko indarra izanen zutenek bazuketela, mundu huntarik beretik, egiazko bakea eta zoriona, eta hil ondoan, zeruko loria.
Santa Escolaztica gai zen osoki hastera zaraman lanaren ongi joanarazteko.
Ezen egotua zen bertzen meneko hainitz urthez. Bazakien ere, ezin hobeki, Jainkoak galdetzen diona, mundutik atheratzen den arimari, hau dela, ponturen-pontu, Erregelaren beiratzea, deusentzat-ere atxikimendurik gabe izatea, eta bere lan eta othoitz guzien egitea, egin detzazken hobekiena.
Hala-hala, serorek beren aintzinean zuten bethi Escolaztica beren Ama. Ezpazuten ere berak baino aintzinago.
Egia horren aldera, huna bi hitz:
Anaia-arreba hek, hain hurbil zaudenak bat bertzearen ganik, zer lanjer izanen zuten elkhar maixko ikusirik ere?
Lanjerik batere. Biak zein sainduago zirelakotz.
Ez, lanjerik etziteken izan hekientzat. Bainan hek elkhar ikusi balute maiz, nola adiaraziko zuten fraide eta serora batzuek etzutela hek ere gauza bera egiten ahal?
Eta zergatik ez onhets oraino, etxeko jendeak ere, maiz ethortzea beren ahiden ikustera?
Eta bada, San Benoatek, ez Santa Escolazticak etzuten holakorik nahi. Eta hortakotz etzuten elkhar ikusten urthetik urthera baizik.
Horra gure bi saindu handiek zer egiten zuten beren menekoen bihotzetarik khentzeko, zeruko bidean gehienik traba gaitzazken estekamendua: hura baita, ahidentzateko amodio handiegia.
Erran dut San Benoatek eta Santa Escolazticak elkhar ikusten zutela urthean behin.
Elkhar ikusteko egun maite hura ethorri zenean, bi sainduek hartzen zituzten lagunak, eta elkharretaratzen ziren bidez-erditan zuten beren etxe batean. Eta gero, Santa Escolazticak galdetu ziozkanean beretzat eta bertzentzat jakin nahi zituenak, egun guzia jainkozko gauzez mintzo ziren.
Horra nola hasi zen Benediktinen ordrea, hainbertze mila arima sainduarazi behar zuen ordrea.
Horra oraino nola, Erregela bera delakotz hala benediktanoen nola benediktinen komentuan, horra nola, karitate bera eta izpiritu bera den bi komentuetan.
Batzuei eta bertzei manatua zaiote, mundu huntako gauzentzat estekamendurik gabe izatea, erromesez artha egiazko baten izatea, obedientzia oso baten bidez, egunetik egunera zerukotzat geroago eta gehiago aberastea; eta beren gabazko eta egunazko othoitzen eta penitentzien bidez, Jainkoaren grazien jautsaraztea lurraren gainerat. Eta oraino Jesus Jaunari ahantzaraztea, beren amodiorik beroenaz, bertze hainbertze giristinoren ganik duen eskergabetasuna.
Hori da, oraiko egunean ere, benediktanoen eta benediktinen lana.
Zortzigarren Kapitulua
San Benoatek egiten du Erromarainoko bat;
eta Erromatik eta urrunagotik ethortzen zaizko ikustiarrak
Bazuen hirur urthe San Benoat Casingo mendian zela, orduko Aita-Sainduak manatu zionean Erromarat joaitea. Bazter guzietako apezpikuek eta abadek edo fraide aintzindariek bazutelakotz biltzar bat.
Hala Aita-Sainduak nola bertze apezpikuek eta abadek egin zioten gure Aita loriosari hainitz ongi-ethorri ona.
Erromako aitoren-seme handien ahide zelakotz, hiri hartako jendeak ere ezagutzerat eman zion atsegin egiten ziola haren ikusteak. Eta Saindua baliatu zen, bere izenak eta omen onak ematen zioten bothereaz, ahal zuen ongi guziaren egiteko, batzuei eta bertzei.
Baziren Erroman hogoita hirur komentu, bainan osoki lazatuak. Denetan predikatu zuen, eta denei harrarazi zioten bere Erregela saindua.
Egin zituen ere, Jondoni Petriren Eliza Nagusiaren inguruan, hiru komentu berri. Hala-hala, jendea etzelakotz hartaz baizik mintzo, ikustiarrak ethortzen zitzaizkon bazter guzietarik.
Hala joan zitzaizkonetarik batek Tubiria zuen izena. Hura Espainiatik joan zitzaion. Eta hain eder, hain ongi kausitu zituen gauza guziak, San Benoatek Erroman egin zuen komentuan, non galdetu baitzion komentu hartan sartzea.
Urruntxago ikusiko dugu noiz eta zergatik igorria izatu zen berriz ere Espainiarat.
Espainian etzen komentuan egon beharra bethi. Ezen denborarekin, Palenciako apezpiku bilhakatu zen, eta Espainiako giristinoei ongi handia egin ondoan, hil izatu zen sainduen heriotzeaz.
San Benoatez bezenbatean, hura ere joan zen bere Casingo komenturat, Erromako egitekoak antolatu bezein sarri.
Etzen, alabainan, lur onik harentzat bere komentutik kanpo. Mendiko xoriak bere mendirat bezein, lehia handia zuen San Benoatek bere Casingo komenturat.
Casingo mendian, bere ohiko lanari emana zen, erran nahi dut, egiten zuela egin-ahala bere haurride maitei berthutearen maitarazteko, eta Jainkoa ganat itzularazi zituen giristino berrien finkarazteko zeruko bidean.
Bere egiteko maite horietan zelarik San Benoat, Placide gaztearen aitak gaztigatu zion bere semeari, ian joan ziteken; haren komentu berria ikusi nahia zuela.
San Benoatek berak ihardetsi zion Placideren aitari ethor zitekela nahi zuenean, eta nahi zituen lagunekin. Jaun harek Tertulia zuen izena.
Joan zen beraz Tertulia, berekin zaramanzkalarik Maore fraidearen aita eta bertze lagun batzu. Komenturat ere hurbilduak ziren jadaneko, San Benoati ekharri ziotenean berria, bazela zaldidun multzu bat mendiari gora hari zirenak.
San Benoat athera zen ordu berean hekien bidera, Placide eta Maore lagun harturik. Eta zaldidunak jautsi ziren berehala beren zaldietarik, ikusi zutenean agertzen zitzaizkoten hirur fraide hek nor ziren.
Besarkatu ere zituzketen gogo onez beren haurrak, orduan berean, bainan etzitzaioten zilhegi izatu. Ezen, nola gure Erregela Sainduak ekhartzen baitu komentura ethortzen diren arrotzak Sakramendu Sainduaren aintzinera ereman behar direla hekiekin solhasean hasi baino lehen, San Benoatek eta haren lagunek agur handi bat egin zioten arrotz maite hekiei, eta, gero, ereman zituzten Elizara.
Eta Elizan elkharrekin othoitz egin ondoan, Placidek eta Maorek besarkatu zituzten beren burasoak, eta orduan hasi ziren solhasean San Benoatekin.
Komentuko gauza ederrak ikusiz eta bereziki, zein ederki emanak ziren ofizioak, gabaz eta egunaz, etzakiten non ziren, bozkarioaren handiaren handiz.
Hekien atseginik handienetarik bat oraino, hau zen: ikustea beren haurrak, Nagusi guziz saindu haren idurira moldatuak. Han zutela beren begitartean, mintzoan eta ibiltzean, San Benoaten eztitasuna, umilitatea, eta aire bildu eta saindua.
Nahi izatu zuten ere beren atsegina ezagutarazi. Ezen Tertuliak eman zituen behin bethikotz Casingo komentuari, Casingo mendi hartan zituen lurrak, Erromako hirian zuen etxe bat, isla batzu, eta, oraino, Ciciliako islan, hemezortzi herri.
Ekicio, Maoreren aitak ere egin ziozkan emaitza handiak, hala nola Gordiano deitzen zuten bertze aitoren-seme aberats batek.
Eta gero, joan ziren, ongi galdeginik San Benoati partalier egin zetzala, komentuko othoitz, penitentzia eta egintza saindu guzietan.
Etzuen zenbeit egun baizik Erromako aitoren-seme hek joanak zirela, Sardiniako gobernadorearen mandatari batzu ethorri zirenean komentura.
Mandatari hek etzuten solhas onik baizen. Eta othoizten zuten San Benoat igor zezala isla hartarat bere haurridetarik zenbeit.
Nahi ziotela adiarazi haren meneko ziren jende guziei, nolakoak ziren gizonaren egitekoak lurraren gainean, eta gizona zeren egiteko gai zen, Jainkoaren graziarekin batean.
Sainduak hautatu zituen hirur haurride, eta erranik xehe-xehea nola eta zer egin, bidali zituen Sardiniako mandatari edo mezu-egilekin.
Ordu hura bera zen oraino, jakin zuenean bazituela bidean bertze ikustiar batzu ere, iruzkirako eskualdetik ethortzen zitzaizkonak.
Hek ere entzuna zuten, zein saindu handia zen San Benoat gure Aita, mirakuilurik handienak ere egiten zituela, eta jendeak lehiarik handiena zuela haren komentuetan sartzeko.
Fraide greka hek itsasoaren gainean ziren oraino, Jainkoak jakinarazi ziozkanean gauza horiek guziak gure Aita loriosari. Jainko Jaunak adiarazi zion bertzalde, noizko helduko zen hekien untzia Napleko itsas portura.
Eta hortakotz, San Benoat bere komentuan egon-orde, bertze edozein jenderentzat zagon bezala, joan zitzaioten bere ongi-ethorriaren egitera Napleko hirira, hek leihorrera jautsi orduko.
Etzizaioten ere joan eskuak hutsik. Ez!
Ordean, zerbeiten hartu beharretan zitezkela, ereman zioten asko jateko, eta edatekoa ere bai.
Erran zioten beraz, lehenbiziko solhasak egin ondoan, behar zutela jan ogi pixka bat, bideari lothu baino lehen.
Fraide arrotzek, aldiz, ihardetsi zioten, etzezaketela jan, barur eguna zela.
Eta nola San Benoatek berriz ere erran baitzioten, jaten ahal zutela, hobe zutela janik; arrotz hek eman ziren elkharri beira, elkharri galdetzeko bezala, ian hura othe zen San Benoat hainbertze aiphatu hura.
Etzitzaion nekhe izatu gure Aita dohatsuari ikustea elkharri begiratze harrek zer erran nahi zuen.
Denborarik galdu gabe beraz solhas alferretan, San Benoatek ereman zituen arrotz hek komentuko hilerrietara. Eta, guziak harrituak zaudelarik, zer egin gogo othe zuen, oihu egin zioten, han ehortziak ziren fraidei, erraten ziotelarik:
«Hemen hilerri hautan lo zaudezten haurride maiteak, manatzen dautzuet, Jainko Jaunaren izenean: errazue, ian gaztigatuak izatu zareten, zeren hautsi duzuen barura zenbeit aldiz, nere erranaren gainean, eta niri iduritu zarotalakotz hobe zinutela jatea».
Hilak piztu eta xutitu ziren, beren Aita maitearen mintzora, eta ihardetsi zuten:
«Galdetzen baitarokuzu, ian gaztigatuak izatu garen barura hautsi dugulakotz zure manura, ez, ez dugu gaztigurik izatu! Bainan bai, saria, barur egin baginu baino handiagoa, loria eta zorion gehiago, zeren obeditu dautzugun itsutuki».
Solhas hori entzun zuten han ziren guziek. Eta fraide arrotz hekien izialdura etzen ttikia izatu.
Ezen mirakuilu harrek berak erraten zioten ikusi zuela nolako gogoetak zituzten haren gainean. Mirakuilu harrek erraten zioten oraino, Jainkoak maiteago dituela obedientzia eta karitatea, ezen-ez barura eta penitentzia, nork-berak bere burutara egiten dituenean.
Hala-hala, handik goiti, bazuten gure Aita maitearentzat, behar zen ikustatea. Eta, astiroki egotu ondoan Casingo komentuan, eta bertze asko gauza ikusirik eta ederretsirik, joan ziren beren herrirat, Jainkoari eta San Benoati eskerrak ematen ziozkatelarik.
* * *
Zenbat aldiz etzaiku gerthatzen, guri ere, fraide hekiei bezala, gure lagunen egitekoez dohanean, kontu egitea doidoia, kanporat ageri denari. Eta gero, juiatzea eta kondenatzea, duda-mudarik gabe, guri ez dohakun guzia.
Orhoit gaiten bada, hobeki litekela, eta ez gutiz, ez baginu batere juiatzen ez kondenatzen nihor-ere, eta gauza guziak onerat hartzen baginitu.
Bederatzigarren Kapitulua
San Benoatek nola igorri zuen San Placide Ciciliako islarat,
isla hartan zituzten onthasunen gatik
eta komentu berri baten egiterat
San Benoatek ezarri zituen bere ustez esku onetan Placideren aitak eman ziozkan Ciciliako hemezortzi herri hek.
Ordean Jainkoak bere ganat hartu zuenean Tertuliaren arima, hango bordari edo etxezainak lazatu ziren.
Guziek bazuten etxe eta onthasun hekien gainean ikusteko zerbeit, guziek bazuten zerbeit aitzakia edo estakuru zor zutenaren ez emateko. Eta halaxet joan ziren urthe batzu, nihork ez baitzuen kontu handirik egiten Casingo komentuaz.
San Benoatek eta komentuko bertze fraidek egin zuten, beraz, elkharren artean, etzutela bertze deusik egiteko, baizik ere, isla hartarat Placideren bidaltzea. Bordari hek guziek aski izanen zutela beren Premu Jaunaren ikustea, zor zuten guziaren pagatzeko.
Bainan hemen galdegin dezake, menturaz, norbeitek, zertako zituen San Benoatek onthasun handi hek, pobreziaren botua egina zuenaz geroz.
Egia da, gure Aita loriosak etzuela Ciciliako diruaren beharrik, ez beretzat, ez bere fraiden hazteko, fraidek irabazten zutelakotz beren eguneko bizitze arrunta beren kopetako izerdiari esker; bainan zenbat erromes etzen Casingo herrian eta hango inguruetan, komentuak biziarazten zituenak!
San Benoatek egin zuena beraz, bere baithan, hau zen: hobe zela erromes hek izan zezaten behar zuten sokhorria.
Bertzalde Sainduak bazakien, Jainkoaren nahia zela, isla hartako hainitz jenderen benediktano bilhakaraztea.
Eta bi arrazoin horien gatik igorri zuen Ciciliarat Placide, bere haur eta fraide guziz maitea.
Bideko behar ziren guziak prestatu zirenean, San Benoatek erran zion bere haurride maite hari, nola eta zer beharko zuen egin hango lanari ongi buru emateko. Adiarazi zion oraino, Jainkoaren nahia zela Erregela Sainduaren ezagutaraztea isla hartako asko jendei. Eta gero, erran ziozkan hitz hauk:
«Hazkarrik eta finki, beharko zare eman, nere haur maitea, Jesu-Kristo zure Nagusi eta Erregeak zuretzat daukan lanari.
»Zeru-lurren Nagusi den Jaunak, obeditu dio bere Aita zerukoari heriotzeraino, eta gehiago dena, gurutzearen gaineko heriotzeraino; atxikazu bethi gogoan, Jesus onaren solhas hau: Ez naiz nere nahiaren egiterat ethorria, bainan bai, nere Aita, ni igorri nauenaren nahiaren egiterat.
»Beautzu beraz lotsatzetik, ikusi-eta nolako lanen aintzinean zaren; edo oraino, nolako atsekabeak beharko tutzun jasan, zure lan guzien ondotik.
»Halako orduetan egin beharko duzuna hau da: orhoitzea Apostolu handiaren solhas huntaz:
»Bizi huntako lanak eta nahigabeak ez dire deusik, horien bidez irabazten dugun eternitateko loriaren aldean: Ez gare zeruko loria hartarat heltzen ahal, atsekaben eta nahigaben bidetik joanez baizen.
»Bai, haurra, atxikatzu gogoan egia horiek; eta bertzalde, mundu huntan gudukan hari direnek Jesu-Kristorentzat, eta haren izenaren gatik, baduketela eternitate guzia iraunen duen saria.
»Othoizten dut Jesus Jauna lagunt zaitzan zure mundu huntako urrats guzietan, eta izan dadin zure zoriona eternitatean».
Solhas horien erratea etzen lan ttikia izatu Aita on haren bihotzarentzat.
Azkenean, etzirelakotz egoten ahal gehiago elkharrekin, San Benoatek besarkatu zuen Placide gaztea, eta, haren ondotik, besarkatu zituen bertze bi fraide, Donado eta Gordien.
Bi fraide hek etziren nor-nahi; bainan bai, bi etxeko seme on, beren burasoak eta ontasunak utzirik, komenturat ethorriak zirenak.
Eta oraino hobeki zena, hek ziren bi fraide gazte, San Benoatek maite zituenak Erregela Sainduaren arabera bizi zirelakotz.
Hek ere besarkatzen zituelarik, beraz, gure Aita onak gomendatu zioten, handik aintzina obedi zezatela gauza guzietan Placideri, egun hartaraino hari berari egin zioten bezala.
Orduan, hirur fraideak eman ziren belhauniko, beren Aita maitearen benedizionearen hartzeko; eta gero, athera ziren Casingo komentutik.
Hamargarren Kapitulua
Nola San Benoatek bazakien bertzen gogoaren berri,
eta geroan zer izanen zen ere bai
Jainkoaren nahia zen hainitz ehun mila arimen salbaraztea San Benoati esker. Hortakotz eta haren ordrea gogor eta finka ahal zadin behin bethikotz, Jainkoak eman zion mirakuiluen egiteko botherea, ethorkizuneko gauzen jakitatea, eta ordu berean oraino, bertzen gogoko berri jakiteko ahala.
Egia horren aldera, huna zenbeit ixtorio:
Behin, bi fraide athera ziren komentutik, egiteko zerbeit bazutelakotz. Eta jadanik beren lanak eginak, etxerat buruz hari ziren, sarthu zirenean emakume jainkotiar baten etxean.
Emakume hura komentuko jendetarik zen, ezaguna ere zuten. Erran gabe doha beraz, atsegin handia egin ziotela.
Gauzak hartan gelditzera, etzen deusik izanen. Ordean emakume harrek ere ezagutarazi nahi izatu zioten, ohore handia zuela, bi fraideren bere etxean ikustea. Eta erran zioten, behar zutela zerbeit hartu, bide luzegia zutela handik komenturaino deusik jan gabe joaiteko; barura hautsi-eta, joanen zirela.
Fraidek ihardetsi zioten etzitzaiotela zilhegi, etzutela beraz janen.
Gure Erregela Sainduak ekhartzen du, alabainan, komentutik atheratzen denak ez duela kanpoan othuruntzarik egin behar, arratseko komenturatzen ahal bada; non ez den aitzindariaren nahia bertzela egin dezan.
Bi fraide hek erran zuten beraz etzitzaiotela zilhegi, komenturat helduko zirela arratseko.
Hala ere emakume harrek hainbertze egin-eta-egin zioten, non hartu eta jan baitzuten.
Komentura zirenean, egin zuten Erregela Sainduak manatzen duen bezala; joan zitzaizkon Aita San Benoati bere benedizionearen galdetzerat.
Bainan nolakoa etzen izatu hekien izialdura, San Benoatek galdetu ziotenean, non bazkaldu zuten. Eta hek, aithortu-orde beren hutsa, ihardetsi zuten bere-berehalako izialdura hartan, etzutela nihon deusik jan.
Orduan San Benoatek erran zioten:
«Zer diozue, haurrak? Zuek etzaretela holako emakumearen etxean izatu? Zuek ez duzuela holako eta halako gauza jan, eta hoinbertze aldiz edan? Zergatik nahi duzue hutsa estali huts handiagoaz?».
Fraideak harritu ziren solhas horien entzuteaz. Ikusi zuten beraz, Jainkoaren Izpirituaz argitua zela hekien Aita, eta alfer zela hari zerbeit gorde nahi izatea.
Hala-hala, ahuspeka zaudelarik haren oinetan, aithortu zuten beren hoben guzia, eta, umil-umila, galdetu zioten huts hari zohakon penitentzia.
Ordean San Benoatek etzioten penitentziarik eman, eta bai, barkhatu. Ezen ikusten zuen aski gaztigatuak zirela, hutsean atxemanak izateaz beraz.
* * *
Bertze ixtorio bat:
Fraide baten anaia joaiten ohi zen, urthe guziz, Casingo mendira, gure Aita San Benoatekin mintzatzera bere arimako egitekoez.
Eta, nahiz bide luzea zuen etxetik eta komentu hartara, etzuen hargatik, nihon deusere jaten ez edaten, komentura heldu artean. Harrek ere nahi zuelakotz zerbeit penitentzia egin.
Bada, orai aiphatzen dugun urthean, orduan ere abiatu zen, bethi bezalako gogo eta xede berarekin. Eta jadaneko urrats on batean zohalarik, kausitu zuen arrotz bat, hura ere eskualde bererat buruz hari zena.
Arrotz harekin egin zuen bertze edozeinek eginen zukena: agur eta agur, solhas bat, gero bia, eta gero deusen beldurrik gabe, eman ziren biak bideari, urrats berean, bi ezagun xahar bezala.
Bide puska bat egin zutenean, arrotzak galdegin zion komenturat zohanari, ian etzen pausatu nahia. Bazuela edateko xorta bat, edan behar zutela. Ordean beilatiarrak etzion deusik hartu nahi izatu.
Aintzinaxago joan zirenean, berriz ere erran zion arrotzak bertzeari, hobe zutela zerbeit pixkaren jatea, indarrak hartu-eta, errexkiago kurrituko zutela.
Beilatiarrak etzion hala ere hartu, eta erran zion, ixilik egoten ahal zelarik, barurik egiten ohi zuela beila hura, urthe guziz, Benoat Sainduaren mintzatzera zohanean.
Arrotzak irri egin zion, bainan halako trufa eta narda batekin, urrikaldu balitzaio bezala, Benoaten baithan zuen sinheste handiegiaz. Eta oraino ere, egin zuten bide zathi bat elkharrekin.
Beilatiarrak egiten zuken ere bere baithan, bazuela aski erranik, eta bakea emanen ziola; noiz-eta-ere, arrotza jarri baitzitzaion ur garbi-garbi baten hegian, sorropila ttiki batean, erraten ziolarik:
«Gauza guziek badute beren neurria. Ni unhatua naiz eta zerbeiten beharretan. Huna, hau neretzat. Eta horra, hori zurea. Jan zazu, zuk ere». Eta beilatiarra, aintzina joan-orde, lagun behar ez-bezalako hura han utzirik, beilatiarra ere jarri zen, eta jan zuen harrek ere.
Arratsa zuen komentura heldu zenean.
Heldu bezein laster, galdegin zuen Sainduaren ikustea. Urthe bat jadanik etzuela ikusi haren begitarte ezti eta ederra, etzuela ere entzun haren mintzo maitea, othoiztu zuen athezaina, lehen-bai-lehen ekharraraz zezola gure Aita ona.
Bai, ethorri zitzaion San Benoat. Ordean, etzen guti harritu, aphaldua eta ahuspez emana zagolarik, bere ustez benedizionearen hartzeko, entzun zituenean haren ahotik hitz hauk:
«Zergatik behar zinuen amor eman, gure arimen etsaiaren tentazioneari, mintzo zautzularik arrotz lagun haren mihiz? Garhaitu ondoan behin eta bigarren aldian ere bai, zergatik etzaizko jazarri hirugarren aldian ere?».
Eta beilatiar gaizoa harritua eta ahalkez urthua zagolarik, buruaren altxatzerat menturatu ere gabe, San Benoatek erran zion:
«Zenbeit xede on hartu dukezunean, hala nola zerbeit agindu diozunean Jainkoari, egizu zure egin-ahala, zure xede sainduaren atxikitzeko. Gerthatzen bazaitzu erortzea, ezinbertzez edo indarrik aski etzinuelakotz, ezagut eta aithor zazu Jainkoaren aintzinean zure hutsa. Eta galdezozu hobeki egiteko grazia».
* * *
Guk ere orhoitzeko ginuke, ez badugu ere beldurrik, Jainkoak ezagutaraz detzan gure hutsak Benoat berri bati, hargatik Jainkoaren begia gure gainera dagola, gabaz eta egunaz; eta ez dela, ez lanik, ez urratsik, ez solhasik, ez gogoetarik, bere juiamendua izanen ez duenik; ordean, juiatuak izanen garela juie guziz argitua den batez.
Eta zer zorigaitza kondenatuak bagine!
* * *
Denbora hura bera zen, Terracinako etxeko jaun bat joan zitzaionean, hogoi lekoa bide eginik, erratera, nahi ziozkala eman urririk, mendi mazela batean zituen lur guziak.
San Benoatek egin zuen bere baithan, gizon hura hain urrundik ethorri zitzaionaz geroz lur hekien ematera, Jainkoaren nahia zela toki hartan berean egin zezan komentu berri bat.
Hala-hala, igorri zituen, ordu berean, bi fraide eros eta bil zetzatela komentuaren eta elizaren egiteko behar ziren guziak. Eta gero, bera joanen zitzaiotela erratera, non eta zer heinetakoak behar ziren egin. Erran zioten ere, noiz joanen zitzaioten.
Bada Sainduak erran zioten egunaren bezpera gauean, bi fraidei gauza bera iduritu zitzaioten: ikusten zutela San Benoat, eta gehiago dena, erraten ziotela, non eta nolakoak behar zituzten egin komentua eta eliza.
Biharamunean biek elkharri kondatu zuten zer iduritu zitzaioten. Ordean amets bat zela, eta bertzerik deusik ez, egotu ziren beira, egun hartan, eta ondoko egunetan ere bai, nondik agertuko zitzaioten beren Aita ona. Eta aski etsitu zutenean, joan ziren Casingo komenturat, grinarik handienean eta ziotelarik elkharren artean, San Benoat etzenaz geroz ethorri, bazela zerbeit berriagorik.
Hargatik heldu zirenean, ezagutu zuten laster, gauza guziak hek utzi heinean zirela.
Joan ziren beraz Aita San Benoaten gana, bere benedizionea behar ziotela galdetu, bainan oraino ordu berean, zergatik etzitzaioten joan hitzeman zuen bezala.
Bizitasun pixka batekin ere, egin zioketen galde hori. Ordean San Benoatek erran zioten ezti-eztia:
«Haurride maiteak, non zabiltzate, eta zer daasazue? Zer, batek eta bertzeak, ez nauzue ikusi berealako gau hartan? Eta ez darotzuet erran, zuek jakin behar zinuten guzia?
»Hots, haurrak, joanen zarete bihar goizean, berriz ere, Terracinarat. eta eginen tutzue komentua eta eliza, nik erakutsi tokian eta nik erran bezala».
Orduan ezagutu zuten etzela batere ametsa hek ikusi zutena; eta joan ziren komentu haren egiterat, berriz ere galdeturik benedizionea beren Aita maiteari.
Hamekagarren Kapitulua
San Placidek eta San Maorek egiten dituzten mirakuilu batzu
Jainko Jaunak ezagutarazten hari zuelarik mundu guziari gure Aita loriosaren saindutasuna, aiphatu ditugun mirakuilu horien bidez, San Placidek ere egiten zituen hala-halako mirakuiluak.
Hargatik San Benoaten izenean egiten zituen denak, San Benoaten mandatari bezala. Eta orai hemen diodana hain da egia, non asko liburu-egilek ezarri nahi bailituzkete San Benoaten gain, San Placidek egin zituen mirakuilu hek.
San Placide, atheratu zenean Casingo komentutik, heldu zen arratseko bere bi lagunekin Capueko hirira.
Denbora hartan, hango Apezpikuak Jermein zuen izena. Hura zen gizon bat saindua, eta San Benoaten ezaguna eta adixkide maitea.
Hura beraz, jakin zueneko berria, benediktano batzu bazituela hirian, joan zitzaioten bidera, eta bere etxerat joanarazi zituen atseginik handienarekin.
Bada, apezpiku saindu hark bazuen berekin muthil kontu edo muthil bezala, gizon dohakabe bat, Zofas deitzen zutena.
Gizon hura, buruko min tzar batez hartua zen aspaldi hartan; etzen harentzat lur onik, ez gabaz ez egunaz. Eta jadanik asma ahal guziak egina, etsitzen hasia zen, sendatzerik izaten ahal zela harentzat.
Hargatik bere Nagusi Jaunak erran zionean Benoat Sainduaren ikasle batzu zirela arrotz hek, joan zitzaioten. Eta Placideren aintzinean belhauniko ematen zelarik, erran zion:
«Oi zu, Jainko guziz botheretsuaren zerbitzaria, othoizten zaitut, Benoat zure Nagusi eta Aita Sainduaren izenean, ezar diezadatzun eskuak buruaren gainean, eta galde dezozun Jainko Jaunari khen dezadala oinhaze ikharagarri hau».
Solhas horiek entzutean, Placide harritu zen. Eta, zuri-zuria egina, erran zion Zofasi ikhara saindu batekin: «Zu, khen zaite hemendik. Ezen ni neroni, bekhatoros bat naiz, bertzen othoitzek naukatena xutik».
Ordean Jermein apezpikuak eta han ziren bertze apez batzuk erran zuten elkharren artean: bere burua hain ezdeustzat zadukanaz geroz, gizon hura izaten ahal zela Jainkoaren adixkide bat, eta bazukela agian, galdetzen zioten mirakuiluaren egiteko botherea.
Eman ziren beraz hek ere Zofasekin. Eta hainbertzekoak erran eta egin ziozkaten, non ikusi baitzuen etzitekela egon gehiago bere ez-ean, apezpiku baten manuari jazarriz baizik. Eta hartakotz, ezarri ziozkan eriari eskuak buruaren gainean, erraten ziolarik:
«Ithotzera nindohalarik, ni uretik athera nauen Jesu-Kristo Gure Jaunaren izenean, eta San Benoat nere Nagusi eta Aitaren izenean, zure hitzek dioten bezein handi balin bada zure fedea, Jainko Jaunak eman dezautzula osasuna».
Han ziren guziek erran zuten: Amen. Eta ordu berean Zofasi joan zitzaion buruko mina; Zofas sendatua zen osoki.
Mirakuilu horren berria husu banatu zen hiri guzian, eta jendea oihuka hasi zen, bere bozkarioaren handiaren handiz.
Itsu batek ere egin zuen ederki: galdetu zion adixkide bati eman zezola eskua, behar zuela baitezpada mintzatu saindu gazte hura.
Eta gero, haren aintzinera zenean, belhauniko jarririk, othoiztu zuen, Jainko guziz botheretsuaren izenean, argi zetzola begiak.
Itsuaren othoitzak bihotza hautsi zion San Placideri: hargatik nigarra jauzi zitzaion ikusiz, haren saindutasunaren gain joanen zirela eginarazten ziozkaten mirakuilu hek; asmatu ere gabe beren fede biziaren gatik zituztela.
Zer umilitatezko irakaspen maitea! Eta nola dituen goraki kondenatzen gure izpirituko hainbertze hankura eta gogoeta zoro!
Ezen zenbat aldiz ez dugu uste izan eta sinhetsi, balin bazen gure inguruan ongi zerbeit, edo norbeit ongia maite zuenik, baginuela guk ere gure partea ongi hartan.
Eta gero, gu zoroak, nola haritu garen erraten batzuei eta bertzei, zer egin ginuen grazia haren ardietsarazteko; zenbat othoitz egin ginuen, zenbat barur eta zenbat komunione!
Nola ginuken ahalkatzeko, ikusiz zein garen sainduak ez-bezalakoak!
San Placidek beraz, ikusi zuenean borxatua zela, egin zuen gurutzearen seinalea itsuaren begien gainean, erraten zituelarik hitz hauk:
«O Jesus, gure Salbatzaile Jauna, eta gure Bitarteko botheretsua Jainkoaren aintzinean; Zu, zerutik lurrerat jautsi zarena, bekhatuan direnei zeruko bidearen erakusteko; Zu, hain zare ona, non eman baitiozu San Benoat nere Aita guziz maiteari, erien sendarazteko ahala.
»Othoizten zaitut beraz, gaur nere Aita on haren izenean, egin dezozun itsu huni ere, bere nahiaren arabera.
»Bai, Jesus ona, emozu itsu huni bere begietako argia. Hunek ere ikus ahal dezan nolakoak diren zure indarrak, eta eskerrak eman dezaitzun ongiegin huntaz, eta orai arte egin diozkatzun bertze ongi guziez».
Othoitz hori egin zuenean, jarri itsuari beira, eta erran zion:
«Eguna eta gaua egin duen Jainko guziz botheretsuaren izenean, sortzez itsu zen gizonaren begiak argitu dituen Jesus Gure Salbatzaile Jaunaren izenean, eta gure Aita guziz sainduaren othoitzei esker, xuti zaite eta ikusazu».
Eta ordu berean, itsuaren begiak ideki edo zabaldu ziren, odol xorta batzu erortzen zitzaizkolarik.
Hala-hala, Donado eta Gordien, Placide Sainduaren bi lagunak, nigarrez zauden atseginez eta bozkarioz. Eta aldiz San Jermeinek eskerrak ematen ziozkan Jainkoari, zeren bazituen oraino lurrean bere gogarako gizonak.
San Placide etzen luzez egotu Capueko hirian, mirakuilu horiek eginez geroz. Ezen ikusi zuen populu guzia airean ezarri zuela, jendea etzela hartaz baizik mintzo. Eta eman zen berriz ere bideari.
Ordean iragan behar zuen, baitezpada, hiri handi batzuetarik. Eta nola Capueko hirian egin mirakuilu hekien omena hegaldaka baitzohan Sainduaren bidean eta, aldiz, Saindua bera oinez, hiri hetara zeneko, San Placidek aurkhitzen zuen asko jende haren beha zagonik.
Eta han gaindi ere, egin behar izatu zituen mirakuilu handiak.
Noizbeit hargatik, heldu zen Ciciliako islarat, eta Mesinako hirirat ere bai.
Mesinako hirirat heldu bezein laster, gaztigatu zioten haren aita zena beren nagusitzat ezagutzen zuten guziei, egin zezatela agertze bat haren aintzinera. Eta etzen izatu nihor hari jazartzerat menturatu zenik.
Jakinarazi zion beraz San Benoati egiteko guziak antolatuak zirela, eta komentuaren eta Elizaren hasterat zohala, batere denborarik galdu gabe.
Bai, Mesinako hiriari hurbil, eta itsas bazterrean, begistatu zuen toki edo gune bat behar zen bezalakoa; eman zituen ere neurriak, zer heinetako egin behar ziren; eta gero, ekharrarazirik Erromatik eta edozein bertze tokitarik, behar ziren gauza baliosak eta langile hoberenak, egin zituen izan ditezken komenturik eta elizarik ederrenak.
San Placide hari zelarik, aiphatu ditugun mirakuilu horien bidez, munduari ezagutarazten Jainkoaren botherea eta ontasuna, bazen oraino San Benoaten bertze ikasle maite bat, hainitz aiphatua zena, hala bere komentuan nola komentutik kanpo. Hura zen Maore, fraide gazte bat jadaneko ezagutzen hasiak garena.
San Benoatek bazakien, bertze nihork baino hobeki, Maore fraidea nor eta zer zen; bazakien ere, hainitz buru oneko gizonaren gaia zela. Eta hortakotz, goizik ezarri zuen komentu guziaren bigarren aintzindari. Edo, batera dohana, bere ondoko.
Behin, beraz, San Benoat kanpoan zelarik atheratua egiteko handi batzuen gatik, buraso dohakabe batzuk ekharri zuten komentura beren haurra, sortzez mutu zena, eta egundaino bermatu etzena bere zangoen gainean.
Buraso hekien xedea zen, San Benoati berari galdetzea, egin zezala ahal zuena hekien haurraren onetan. Hargatik jakin zutenean etzezaketela ikus gure Aita loriosa, joan zitzaizkon Maore Priorari buruz. Eta hari egin zioten San Benoati egin gogo zuten galdea.
San Maorek ikusi zuenean, mirakuilu baten egitea galdetzen ziotela, oihuka hasi zitzaioten, erraten ziotelarik, mirakuilu egitea sainduen lana zela, eta ez, hura bezalako bekhatorosena. Zohazila beraz handik.
Bainan buraso hek etziren gibelerat abiatu berehala.
Aitzitik othoitz bera egin zioten berriz ere, eta hirugarren aldian ere bai, nigarrez zaudelarik.
Hala-hala, han ziren fraide batzu eman ziren, hek ere, buraso hekien alde. Eta guziek othoiztu zuten Maore Saindua, urrikal zakizkola buraso gaixo hek.
Fraide hekien othoitzak are gehiago harritu zuen Maore. Hargatik ikusi zuenean bakharrik zela mundu guziaren kontra, erori zen hekien erranera.
Eman zen beraz belhauniko. Eta ahuspeka zagolarik, erran zion Jainko Jaunari:
«Nere Jaun guziz botheretsua, nahiz zuri den, eta zuri bakharrik, dohazkitzun erien sendatzea, ez dakizula gaitzi hargatik, buraso on haukien alde mintzo banautzu. Aitzitik urrikal bekizkitzu. Eta egiozute beren fede handiaren arabera».
Othoitz horren ondotik, ezarririk bere estolaren bi buruak haurraren gainean, manatu zion eriari Trinitate Sainduaren izenean eta San Benoaten mandatari bezala, xuti zadiela.
Eta haurra xutitu zen osoki sendatua.
Han ziren guziak eta komentuko fraide guziak bozkario handian eman ziren mirakuilu horren gatik.
Bainan bertzek ez-bezalako atsegina hartu zuen oraino San Benoatek, etxerat ethorri zenean, ikusteaz Jesusen Izpiritua haren Ikasle maitearen baithan zela.
Hamabigarren Kapitulua
San Benoatek egin zituen mirakuilu batzu gosete
denbora batean eta goseterik etzelarik
Bortz ehun eta berrogoigarren urthea zelarik, San Benoatek igorri zuen Espainiarat fraide saindu bat, Tubiria deitzen zutena, bertze hameka fraide lagunekin. Eta hari esker gure Ordre Saindua hedatu zen husu Espainia guzian.
Handik berehala, igorri zituen oraino bertze bi fraide andana, Tertuliok eman lurretan egin zituen bi komentu berrietarat.
Komentu hetarik bat, Maiolako komentua, hainitz urrun zen hiri eta herri guzietarik. Eta halarik ere, nola Maiolako mendi hura leze ttiki batzuz dena bethea baitzen, hango fraidek galdetu zioten leze ttiki hetarat joaitea, eta han egotea, penitentzia gehiagoren egitea gatik.
San Benoatek bazakielakotz bakharrik bizitzea ez dela on fraide guzientzat, etzioten onhetsi beren galdea, batzuei baizik. Eta hek ere joan ziren komentutik, beren jakinarekin, komentuko abadearen meneko izanen zirela komentutik kanpo izana gatik ere; eta komenturat beharko zirela ethorri Aita Abadeak erranen ziotenean.
Bortz ehun eta berrogoigarren urthe hartan zelarik oraino, San Placidek gaztigatu zion berri bat atsegin handia egin ziona: komentua eta eliza, biak eginak zituela. Eta gure Aita loriosak eskerrak eman ziozkan Jainkoari, bere komentuko haurride guziekin.
Handik ondoko urthea, hainitz urthe borthitza izatu zen Italia guziarentzat.
Hainitz aro tzarrak egin zituen, alabainan, eta uztak edo errekoltak osoki huts egin zuen. Gosete lazgarri bat zuten beraz bazter guzietan.
Bainan Jainkoak etzituen utzi laguntzarik gabe denbora trixte hetako jendeak.
Xoriei berei ere bizia ematen dioten Aita onak, nola utz zetzazken sokhorritu gabe bere idurira eginak dituen haur maiteak!
Behinik-behin, Naple inguruko jendek aurkhitu zuten beren sokhorria Casingo mendi gainean.
Eta halaz Jainkoak ezagutarazi zion mundu guziari nolakoa zen gure Aita loriosaren karitatea lagunaren alderat, eta bertzalde, zein ziren handi haren bothereak.
Ezen goserik zauden guziak bazohazin San Benoaten ganat, lehenagoko denbora batzuetan Esiptoarrak Josepen gana zohazin bezala.
Hala-hala, egun-alde ondikozko hetan, Benoat Sainduak utzi zituen bertze egiteko guziak komentuko athean egoteko, goizetik arratseraino. Eta bazuen zer-egin, hainbertze jenderen etxean hartzeaz eta hekiei emateaz behar zutena.
Ezen jende erromes hetarik hainitzak eri ziren. Eta eriei Sainduak ematen zioten ez bakharrik ogia, bainan oraino osasuna.
Bihiaz bezenbatean, etziteken izan komentuan, nihola ezin akabatuzko bihiketarik. Ezen aintzineko urtheak etziren bertze urthe batzu baino hobeak izatu. Eta bertzalde, Jainkoak etzion nihori eman manurik selaru berrien egiteko, eta selaru hetarat biltzeko ahal zen bezenbat bihi.
Eta beraz, jateko guziak eman dituzkenean, zer beharko du egin San Benoatek? Zer beharko diote erran, aintzina ere ethorriko zaizkon jende dohakabe hekiei?
Ez duela gehiago zer eman?
Ez! ez du holakorik erranen.
Bihirik, ez bertze jatekorik ezpada ere, Sainduak ez ditu hetsiko komentuko atheak; ez-eta-ere etxerat igorriko eskuak hutsik, goseak iharrarazten hari dituen erromes hek guziak.
Ordean bihiketa zabiltzan fraidek erraten ziotenean etzela gehiago deusere, berriz igortzen zituen ikustera, ian egiazki etzen gehiago batere.
Eta fraidek ikusten zuten oraino ere bazela.
Eta mirakuilu hori gerthatu zitzaioten, ez behin edo bietan, bainan askotan.
Erran nahi baita, Jainkoak eman ziola gure Aita benedikatuari mirakuilurik handienen egiteko botherea.
Eta bizkitartean, mirakuilu hek guziak ikusirik ere, behin, fraide batzu beldurtu ziren, berak jatekorik gabe izatera zohazila. Etzutelakotz othuruntzara bi oren aintzinetik, bazkariteko behar zutenaren laurdena ere.
Izatu ziren, beraz, fraide bakhar batzu erasian hasi zirenak beren buruarekin, ian bada, hekien Aitak etzuen ikusi behar bazituela, etxean berean ere, biziarazi behar zituenak? Eta zergatik etzuen kontu pixka bat egiten, kanporat eman-orde komentuko jateko guziak?
Benoat Sainduak etzuen bere beharriez entzun erasia horietarik deusere; ordean, Jainkoaren Izpirituaz argitua zelakotz, ikusi zuen nolakoak ziren hekien gogoetak. Erran zioten beraz:
«Zergatik ez ditutzue khentzen izpiritutik gogoeta beltz horiek, konturik ere egin gabe? Bai, gaur jateko guti duzue, ordean bihar, izanen duzue nasaiki».
Eta beren Aita onak erran bezala gerthatu zitzaioten.
Biharamunean, goizean-goizik, aurkhitu zuten komentuko athe aintzinean berrehun zakutara irin. Eta gehiago dena, ez du egundaino nihork jakin ahal izatu nori esker zuten amoina eder hura.
Bainan nor-nahi izan zadiela haren ekhartzailea, errexki ikusi zuten Jainko Jauna zela haren igorraraztailea. Jainkoari eman ziozkaten beraz eskerrak, eta othoitz egin zuten irin hura ekharri zuenarentzat.
* * *
Ixtorio hunen irakurtzen hari zarena, beharbada laborari bat zare, edo langile bat, edo oraino ama familiako bat, zure egin-ahalean Jainkoaren nahiaren arabera bizi zarena, eta hargatik, ikharetan zaudena ez dakizulakotz nola haziko eta beztituko ahal ditutzun Jainkoak eman darozkitzun haurrak.
Zuek beraz, laborari, langile eta ama giristinoak, khentzatzue zuen burutik gogoeta beltz horiek.
Bada zuen inguruetan norbeit, Jainkoak manatzen diona zuei ematea zuek eskas duzuena.
Utzazue ahalkea bazterrerat eta galdezazue.
Ordean, hala ere, ez bazinute nahi zinuketen guzia, oraino ere ikusten bazinute asko gauzaren beharretan zaretela, atxikazue gogoan Jesus maitea bera ere, erromes edo pobre sorthu dela, erromes bizi eta erromes hil dela; Jesus maitea erromesen adixkidea dela; eta bertzalde, hekiena dela zeruko erresuma.
* * *
Orai aiphatzen dugun gosete denbora hartan, eliza-gizon bat ere joan zitzaion San Benoati, othoi, eman zezola olio xorta bat. Eta Sainduak, balin bazakien eta ez bazakien berentzat ere etzutela aski, Sainduak beraz manatu zion jatekoen kargua zuenari, eman zezola eliza-gizon hari galdetzen zuena.
Fraideak etzuen oliorik, baizik ere xorta bat boteila baten zolan. Eta hortakotz, etzen lehiatu egiterat manatua izatu zitzaion bezala.
Ordean, San Benoaten begientzat ez bide zen egotu gordea fraide haren lana. Ezen, aphur baten buruan, galdetu zion ian eman zuen olio hura.
Eta fraideak aithortu zion guzia, zena zen bezala, etzuela eman etzitzaiolakotz iduritzen ezarri behar zuela komentu guzia oliorik batere gabe.
Eta orduan Benoat Sainduak etzuen gorde zer atsekabea ematen zion fraide haren eitateak. Ezen ikusten zuen, manu baten eginarazi gabe uzteak ondoriorik txarrenak izaten ahal zituela bertze fraide guzientzat.
Erakusterat ematen zuelarik, beraz, samindura bizi bat bere mintzoan eta bere begitartean, erran zioten han, orduan, haren inguruan ziren bertze fraide batzuei:
«Har zazue olio boteila hura, eta arthikazue komentu zolako harroketarat. Ez da gisa jan dezagun oliorik norbeiten desobedientziari esker».
Joan zen beraz boteila harrokei behera. Eta halarik ere etzen hautsi, eta olioa ere etzen ixuri.
Mirakuilu hortaz ohartarazi zutenean San Benoat, ekharrarazi zuen boteila hura, eta eman zion eliza-gizonari bere olio guziarekin.
Bilarazi zituen orduan elkharretara fraide guziak, eta han, guzien aintzinean, erran ziozkan gaizkiak fraide obeditu etzuen hari: jadanik hainbertze mirakuilu ikusia, hainbertze gisetara ezagutua, Jainko Jaunak zer artha zaukan hetaz, zertako etzuen sinheste gehiago hain maite gaituen Jainko on haren baithan.
Eta gero, gauza bat edo bertze manatzen daukutenean, ez ginukela gure gogoari eman behar badakigula zer den egiteko, manatzen daukutenek baino hobeki; hori urguilua delakotz.
Zerbeit holako erran ondoan fraide buruzkin hari, eta zohakon gaztigua hari eman ondoan, bera belhauniko jarri zen othoitz baten egiteko.
Bainan zer galdetzen othe dio Jainkoari othoitz hartan?
San Benoatek galdetzen dio Jainkoari, urrikal dakizkola fraide hek guziak, eta hazkarraraz dezala hekien fedea mirakuilu berri batez.
Eta huna zer gerthatu zen:
Orduan ziren barne hartan berean, bazen barrika baino handiagoko olio-untzi bat, han zagona bere estalkiarekin, bainan hutsik. Eta hargatik fraideak ohartu ziren zerbeitek higitzen eta altxatzen ziola estalkia. Ohartu ziren ere, untzi hura olioz bethea zela gain-gaineraino.
Handik berehala, eta oraino harrituak zaudelarik, nondik zuten olio hura, ikusi zuten gaindi egiten zuela, ixurtzen hari zela ere bai; eta etzakiten zer egin.
Hargatik ezagutu zuten beren Aita loriosaren othoitzari esker ematen ziotela Jainkoak untzitara olio hura.
Erran zioten, beraz, Sainduari, etzuela gehiago zeren othoitzik egin, untziak bazuela olioa gaindika.
Bai, San Benoat xutitu zen, olioa ere gaindika joaitetik baratu zen, bainan etzituen lanerat igorri fraideak, erran gabe han ziren guziei, eta bereziki obeditu etzuen fraideari, gaizki zela Jainkoaren ontasunaren gainean ez osoki kondatzea.
Untzitara handi bat olio ematen zuena boteila-zola batean zen olio xortaren ordain, gai zela hekiei emateko hek behar zutena. Konda zezatela beraz haren gainean, eta sokhorri zetzatela erromesak, beldurrik gabe erromestuko zirela amoina egin zutelakotz.
* * *
Ez dezakegu utz aiphatu gabe gure Aita onak egin zuena bertze aldi batez.
Aldi batez, bazen gizon gaizo bat, zor ziozkana norbeiti hamabi sos urrezko. Horrek erran nahi baitu, zor ziola berrehun eta berrogoita hamar liberaren heina.
Eta hamabi sos hek hartze ziozkanak hainitz tinkatzen zuen: paga zetzala edo preso altxarazten zuela.
Bere ezinbertzean, gogoak eman zion joan behar zela San Benoati erratera zer hersturetan zen. Eta hala-hala egin zuen.
Abade Sainduak egiten zioten ongi-ethorri ona ikustera joaiten zitzaizkon guziei. Aisean ezarri zuen beraz gizon gaizo hura ere.
Eta gero, bere atsekabea kondatu zionean, erran zion orduan etziola deusik ematen ahal, etzelakotz komentuan, ez-eta urre bakhar bat ere. Bainan ethor zadiela handik bi egunen buruan.
San Benoatek egin zuen bi egun hetan, bertze orduz baino ere, othoitz gehiago. Ezen gizon gaizo haren sokhorritzeko dirua Jainkoaren ganik esperantza zuen, eta ez bertze nihoren ganik. Eta haren esperantzaren arabera antolatu zen egitekoa.
Hirugarren egunean, beraz, Saindua oraino othoitzean hari zelarik, eta sos beharretan zena ethorria zelarik, fraide batek ekharri ziozkan, bozkariorik handienean, hamahirur sos urrezko: bihia zaukaten arkharen gainean aurkhitu zituela.
Gure Aita loriosak emanarazi ziozkan hamahiruak gizon hari. Eta erran zion bazituela hamabi sos zorraren pagatzeko, eta hamahirugarrena ematen ziola beretzat.
* * *
Egia da, Jainkoak eman ziozkanaz geroz hamahirur urre, hamabi baizen etziolarik galdetzen, egia da, kasik ageri zela zer behar zuen egin.
Bainan, zenbatak etziren izanen, bertzela ere arrazoinatuko zutenak? Eta berentzat atxikiko zutenak galdetua ere etzen sos hura?
Bertze edozeini bezein ongi, gogoak erraten zion San Benoati sos urre haren beharra izaten ahal zela komentuan ere. Bainan nola Jainkoaren graziak erraten baitzion, bere aldetik, hobeki zela haren ematea, igorri zuen, eginez bere buruarekin, aintzina ere Jainkoak emanen ziotela behar zuten guzia.
Jarraik gaiten, gu ere, Jainkoaren graziari, eta ez gare gaizki helduko.
Hamahirugarren Kapitulua
San Benoaten bertze mirakuilu batzu
Ez dugu zeren erran San Benoatek hainitz ongi handia egiten ziotela beren bizi beharrarekin joaiten zitzaizkon jende hekiei guziei.
Nor da, gutartean, oraino ohartua ez dena, hainitz ekharriagoak garela gogoeta onen egiterat, Jainkoaren eskuak ukitzen gaituenean pixka-pixka bat.
Hori hala da, eritasunak edo bertze atsekabe zerbeitek tinkatzen gaituenean, errexki ezagutzen eta aithortzen dugu Jainkoa dela gure nausia.
Gure Sainduak predikatzen zioten beraz jende hekiei, eta adiarazten ere bai, behar zutela Jainko Jauna maitatu; behar zirela beraz bekhatutik urrundu. Eta guziek hartzen zuten, haren ganik urrundu gabe, saindukiago bizitzeko xedea.
Hala-hala, gure arimen etsaia han zuen, noiz-nahi, trebes bere bidean.
Behin, mendi gain-gaineko elizara zohalarik, aurkhitu zuen etsai hura. Alegia azienda edo abere barber bat izanki, bazuen buruan otharretara bat erremedio, eta aldiz, bizkarrean, arte edo zepho zama edo haxe handi bat.
Sainduak, ezaguturik norekin zuen bere egitekoa, erran zion: norat oha? Eta Satanek ihardetsi zion: behar zioteiat eman erremedio bat hire haurridei.
Halarik ere, San Benoatek egin zuen sar-athera bat elizan. Eta gero, lehiatu zen bere haurridetarat joaiterat. Beldur zelakotz etsaiak egin zezotela zerbeit gaixtakeria.
Etsai gaixto harrek kausitu zuen, ithurrian, fraide adinetako bat. Bainan zer gaizki eginarazten ahal dio, aspaldidanik Jainkoaren amodioan finkatua eta gogortua den gizon saindu hari? Ez! badaki entseiatzea bera ere alfer dela.
Eman zen beraz hura baithan, eta gero, fraidea ihauska edo ihalozka zabilan lurrean.
Hainbertzenarekin Saindua ethorri zen.
Eta ezaguturik etsai gaixtoak zabilkala gizon gaizo hura lurrean, erro baten pare, eman zion behar-ondoko bat fraideari, ez fraidearen gaztigatzeatik, bainan debruaren atxemateko.
Eta jo bide zuen ederki. Ezen, ordu berean, athera zen fraide hartarik, eta etzen egundaino geroz haren ganat hurbiltzerat menturatu.
* * *
Bertze aldi batez, ereman zioten San Benoati eliza-gizon bat oraino apez etzena, ordean apezteko xedearekin zena.
Gizon hura ere etsaiez hartua zen.
Eta ordu hura bizkitarte, ibilia zuten elizaz-eliza, jo alde batera, jo bertzera, bere etsaietarik libratu nahiz. Eta bethi alferretan; Jainkoak San Benoati eman ziolakotz bakharrik, haren sendatzeko ahala.
Saindua bera ere harritu zen, ikusiz izpiritu gaixtoak zein gaizki zabilkan gizon ondikozko hura. Eta hortakotz, othoitz kharsu bat eginik berehala, bere baithan, erran ziozkan hitz hauk:
«Manatzen daiat, Jesu-Kristo Gure Jaunaren izenean, haizen bezalako madarikatua, athera hadin gizon hortarik».
Eta ordu berean, eliza-gizona bere buruaren jabe bilhakatu zen.
Hargatik San Benoatek erran zion:
«Orai, bazohazke etxerat. Bainan ez dezazula jan gehiago zure bizian haragirik; ez dezazula ere gehiago zure gogoari eman apeztu behar zarela. Edo, Ordena Saindua hartuko duzun egunean berean, eroriko zare berriz ere debruaren aztaparretan. Eta ez dukezu hobe».
Eliza-gizona joan zen beraz etxerat. Jarraiki zen ere luzez San Benoatek eman manuei.
Eta nola ikharagarriak izatu baitziren etsai gaixtoak jasanarazi ziozkanak ordu arteraino, gizon gaizo hura egotu zen luzez, haragirik jan gabe, eta apeztu behar zuelako ametsik gabe.
Bainan denborarekin, gogoa ganbiatu zitzaion.
Eta jakinik, hura baino gazteago ziren batzu apezterat prestatzen hari zirela, egin zuen hark ere bere buruarekin, behar zela hura ere apeztu.
Hargatik dohakabe hura, egin balin bazen, egin zen.
Apeztu zen egun hartan berean, izpiritu gaixtoak berriz ere sarthu ziren hura baithan. Eta jasanarazi ziozkaten jasaiten ahal zituen guziak; handik-eta azken hatsa eman etzuen arteraino.
* * *
Irakurtzailea, zure kobesorak erraten dautzunean eroriko zarela, nahi balin bazare holako edo halakoarekin ibili, nahi bazare holako edo halako tokietarat joan, beautzu zure buruarekin egitetik, ez duzula han San Benoatik, ez-eta geroan zer izanen den dakien gizonik; egin dezazukela, beraz, dohatzun bezala. Xuhur balin baduzu, eginen duzu kobesoraren erranaren arabera.
Salbamenduaz dohanean, egin ahal guzia eginik ere, ez dugu soberarik eginen.
* * *
Zenbeit aldiz, San Benoaten mirakuiluen ondorioa edo ekhoizpena hau zen: arimen atheratzea munduko bide zabaletarik eta ekharraraztea bere komentuetarat; edo oraino, fraide zenbeiten finkaraztea bere bokazione sainduan.
Behin, etxeko-jaun batek nahi izatu zion erakusterat eman etzaukala ahantzia bere predikuez egin zion ongia. Eta hortakotz, bidali ziozkan bi botoila arno, Etzilario deitzen zuten sehi batekin.
Etzilariok aho-mihiz egin beharra zuen bere mezua. Eman zuen beraz bere gogoari:
Harrek San Benoati eman botoila bat edo bia, San Benoatek ezagutza edo ikustate bera ziokela haren nagusiari, eta halaz, etzezakela nihork jakin, ian erdizka ala osoki eman zuen bere mandatua.
Gorde zuen beraz botoiletarik bat sasian, eta eman zion bertzea San Benoati.
Bainan huna zer gerthatu zitzaion:
Botoila bakhar hura eman zionean, Sainduak erran zion:
«Nere adixkidea, orai behar zare pausatu pixka bat; berantxago abiaturik ere, oraino aski goiz duzu. Eta zure nagusiari erranen diozu, haren orrhoitzapenak atsegin handia egin darotala eta, mila-mila esker.
»Hargatik, zeronek egizu kontu zer hari zaren. Eta zure ezpainetara hurbildu baino lehen, sasian ezarria duzun botoila hura, beirazozu ongi zer duen barnean».
Etzilario joan zen beraz, dena gogoetatua, nola San Benoatek jakin zuen etziola eman, eman behar zionaren erdia baizik; eta gero berriz, ezin asmatuz zer ziteken bada, botoila hartan bertzean etzenik.
Heldu zenean bere botoila hartara, egin zuen gomendatua izatu zitzaion bezala:
Hartu bere bi eskuez, eta ezarri zuen bere begien aintzinean.
Eta zer ikusi zuen?
Ikusi zuen arno hura suntsitzen, eta botoila hartan, arnoaren orde, suge ikharagarri bat ihesi joan zena, botoila, eskuetarik erori-eta, hautsi zenean.
Etzilariok eman ziozkan orduan eskerrak Jainkoari, zeren beiratu zuen pozoinkeria haren edatetik. Eta eginez bere baithan, munduan aintzina egonez, gero ere gerthatzen ahal zitzaiola, bertze hainbertzeren eta gehiagoren ere egitea, utzi zituen munduko nagusiak eta jaunak, eta joan zitzaion San Benoati galdetzera, othoi har zezala bere komentuan.
Eta halaz fraide bilhakatu zen.
* * *
Huna oraino bertze ixtorio bat holatsukoa:
Bere komentuko fraide on eta kharsuen tartean, San Benoatek bazuen bat urrikitan zena, komenturat ethorririk.
Eta, nahiz botuak eginak zituen, etzion hala ere bakerik ematen San Benoati, eta etziteken ixil erratetik hura etzela komentukotzat egina, etzela hura komentuan lakhetzen ahal.
Bada, aldi batez, egin zuelakotz bere galdea, bertze aldietan baino mindura gehiagorekin, Sainduak erran zion, etzuenaz geroz egon nahi, zohala.
Eta joan zen.
Bainan komentutik athera zeneko, ikusi zuen bere aintzinean musker bat ikharagarria han zagola, bidearen erdian, zut-zuta, eta ahoa zabalik.
Laztua eta harritua, hasi zitzaioten oihuka komentuko haurridei: hel zakizkola, othoi, hel zakizkola; musker batek iretsi nahi zuela.
Fraideak joan ziren husu, haren oihuetara, hek ere harrituak, zer othe zuen.
Hek etzuten muskerrik ikusi, etzirelakotz komentuko biziaz unhatuak, eta munduko lanjeren arterat joaiteko heinean.
Hartu zuten beraz, besoetarik, eta ereman komenturat, gizon hura ikhara latzetan zena, eta xutik ere, doidoia zagona.
Eta sarthuan-sarthu, harrek etzion gehiago galdetu San Benoati etxerat joaiterik.
* * *
Irakurtzailea, etzautzu menturaz iduritzen ixtorio hunek irakasten ahal dautzula gauza handirik, eta hori, munduan egon beharra zarelakotz.
Bainan ez da baitezpada komentuan izan behar, fraideak izater zuen kaltearen pareko kalte baten izateko.
Ezen, ez dezazula uste izan kalte ttikia egin larotzukela ifernuko izpiritu gaixtoak, utzarazi balaitzu, emeki-emeki, misione edo erretreta ondo batean hartu zinituzken xede onak: hala-nola, othoitzen ongi egitea, okasionei ihes egitea, eta zure buruari bortxa pixka baten egitea.
Eta menturaz, horra zertarat ekharri zaituen, zu ere, ifernuko izpiritu gaixtoak.
Hemendik aintzina, egin dezagun kontu hobeki, zer hari garen. Eta har dezagun ongi buruan, atsekabe egiazko bat egiten diogula Jainkoari, behin hartu urrats onak hausten baditugu, funtsgabekerian eta ezdeuskeria baten gatik.
* * *
Huna oraino bi ixtorio guziz gaiak guri adiarazteko nolako argiak zituen San Benoatek, ikusteko zer iragaiten zen bertzen gogoan eta kontzientzietan.
Casingo mendiaren zolan, hango herri batean, bazen emazten komentu bat San Benoaten meneko. Erran nahi baitut, hek ere beren Aitatzat zadukatela San Benoat, eta San Benoat zutela beren gidaria zeruko bidean.
Hargatik nola bera ez baitzitzaioten joaiten ahal bethi, bertze fraide batzu ere bazabiltzan komentu hartan, hango lanaren egiten.
Behin bada, serora hek nahi izatu zioten ezagutarazi beren ikustatea fraide hetarik bati, hekien gatik hartu zuen lana halakoa zelakotz. Eta eman ziozkaten mokanes batzu.
Fraidea orrhoitu zen, orduan berean, Erregela Sainduak debekatzen ziola deusen ere beretzat hartzea. Ordean, ixilarazi zuen kontzientziaren mintzo hura, erranez bere buruari bekhatu balin bazen ere, etzela hainitz handia izaten ahal.
Eta ezarririk mokanesak golkhoan edo papoan, joan zen komenturat.
Komentura heldu bezein laster, joan zitzaion San Benoati bere benedizionearen galdetzerat.
Bainan Sainduak, benedizionea eman-orde, galdetu zion aire idor batekin, zergatik egin behar zuen gaizki hura.
Fraidea harritu zen solhas horren entzuteaz. Ezen osoki ahantzia zuen bere mokanesen ixtorioa. Hantxe zagolarik, beraz, ezin asmatuz zergatik zituen gaizki hek, gure Aita onak erran zion berriz ere:
«Ez nintzen bada han, zure aldean? Etzaitut bada ikusi nik serora jainkotiar hek eman mokanesak hartzen eta gordetzen zintuelarik zure papoan?».
Giza-gaizoak bazuen aski entzunik. Hartu mokanesak eta arthiki zituen. Eta galdetu zion Abade Sainduari, bere zoramenduan egin zuen gaizkiaren barkhamendua.
* * *
Huna orai, bigarren ixtorioa:
Behin, ordukotz ilhuna zelarik, San Benoat bere othuruntzaren egiten hari zen.
Eta, han, argiaren atxikitzaile, bazen fraide gazte bat, ez, egia erratera, nor-nahi, bainan bere hiriko jaunik handienaren semea.
Han zagolarik beraz, argia eskuan eta xutik, bazituen bere baithan urguiluzko gogoeta batzu, ifernuko izpiritu gaixtoak ematen ziozkanak. Eta hari zen bere buruarekin:
«Hau da, beraz, jauna! Eta ni hunen argitzen hari naizena? Ah! ni, nork daki nongo esklaboaren semea. Gauza segura hori! Bai! ni, mundurat ethorria, bertzen esku-makhila izateko!».
Hainbertzenarekin, San Benoat, utzirik jana, eman zitzaion beira. Eta erran zion, bizi-bizia:
«Nere haurra, egizu gurutzearen seinalea bihotzaren gainean! Zer tutzu, zure barneko erasia horiek? Berriz ere erraten darotzut, egizu gurutzearen seinalea!».
Eta ekharrarazten zituelarik bertze haurride batzu, othoiztu zituen khen zezotela argia eskutik, etzuela nahi halako fraide batek lanik ttikiena ere egin zezon. Eta fraide hobendunari manatu zion zohakola begien aintzinetik.
Biharamunean haurride lagunek galdetu zioten zer gogoeta utzi zuen bere bihotzean sartzerat.
Eta harrek erran zioten zena zen bezala. Eta nahiz etzuen kanporat agertzerat utzi deusik, hala ere Aita Abadeak ikusi ziozkala bere urguiluzko gogoeta hek guziak.
Eta halaz ezagutu zuten, are hobeki, nolakoa zen haren saindutasuna, Jainkoak ematen ziozkanaz geroz hain argi handiak.
Handik goiti oraino, ematen zuten hobeki kontu beren gogoeta guzien gainean, beldurrez-eta, atxikitzen balin bazuten behar ez-bezalakorik, izan zetzaten gero gaizkiak beren Aitaren ganik.
* * *
Eta guk ere, zer ez ginezake egin?
Behinik-behin, zer kontua ez ginuke, gure izpirituan pausatzerat ez uzteko, behar ez-bezalako gogoetarik batere, balin baginaki gauza hau: badela, gure gogoaren berri jakinen duena, ez edozein jende, ez-eta-ere etsai bat, bainan ezagun eta adixkide maite bat bera?
Bai, kontu egin ginezake, egiten dugun baino hobeki.
Zergatik ez bada orrhoit, jendeak ez-bezalako lekhuko batzuen aintzinean garela, gabaz eta egunaz! Zergatik ez orrhoit, gure aldean ditugula bethi, aingeru begiralea eta ifernuko izpiritu gaixtoa? Eta lekhuko horietarik bat-ez-bertzea, ez dela ixilik egonen, Juie Nagusiak bere aintzinera deithu gaituzkenean?
Zergatik ez gare orrhoituko, oraino, Jainkoaren begia gure gainera dagola bethi.
Ah! gauza horiek han baginitu maiz, gure izpirituan, zenbat bekhatu gutiago egin ginezaken egun buru batetik bertzera!
Hamalaugarren Kapitulua
San Placideren eta haren lagunen heriotzea
Aiphatu ditugun mirakuilu horiek erakusten daukutena hau da: Jainko Jaunaren benedizioneak gure Aita loriosaren gainerat jautsiak zirela.
Mirakuilu horiek adiarazten darokute oraino, sutan den lezeko erregeak etzuela indarrik aski San Benoati kalterik egiteko.
Bitartean, etsai errabiatu harrek etzuen oraino etsia hartua. Eta ikusi nahi izatu zuen, oraino bertze behin, ian ez othe zuen, bada, nolazpeit ukhituko eta eriaraziko haren bihotza.
Erran dugu goraxago, nolako berri onak izatu zituen San Benoatek Ciciliako islatik. Bai, jakin zuen egiteko guziak ongi zohazkola Placide haren haur maiteari. Eta ez dugu zeren erran, eskerrak eman ziozkala Jainkoari.
Berantxago, jakin zuen oraino, hogoita hamar fraide-gaiek egin zituztela botuak, eta hari zirela denak, zein kharsukiago, beren saindutasuneko lanean.
Eta berri horrek are atsegin handiagoa egin zion Abade Sainduari.
Bainan hurbildua zen ordukotz, bertzelako berri bat ere ekharri behar zioten eguna.
Bortz ehun eta berrogoita batean ethorri zitzaion, beraz, San Benoati berria, untzi-kapitain batek hil zituela Placide Saindua eta haren lagunak, eta komentua ere erre zuela.
Eta huna gauzak nola iragan ziren:
Gau batez, San Placide eta haren lagunak beren gabazko ofizioaren kantatzen hari zirelarik, pagano armada ikharagarri bat jautsi zen leihorrera, San Placiden komentuari hurbil.
Manuca deitzen ohi zuten pagano hek beren aintzindaria.
Hura zen gizon bat guziz oiesa eta itsasoz-itsaso zabilana, ehunbat untzitara gizonekin, non zer atzemanen zuen.
Egia da nekhaitzak edo denbora gaixtoak bortxatu zuela, aldi hartan, Ciciliako isla hartarat joaiterat; ordean, ikusi zituenean elizako argiak, eta aditu zituenean fraide hekien kantuak, igan zen berehala komentura bere gizon guziekin.
Etzuten ere denbora handirik eman, ezin hautsiz komentuko atheak.
Ez! hautsi zituzten laster, haizkora ukhaldika.
Hainbertzenarekin, Gordianok, Placide Sainduaren lagun joan ziren bi fraidetarik batek, kanpoa hartu zuen. Eta nola bertzeak, Donado deitzen zutenak, galdetu baitzioten zertako behar zituzten hautsi athe hek, hura han berean hil zuten.
Hortarik ezagutu zuten bertze fraidek galduak zirela.
Eta, ez balute ere beren fraide laguna hila ikusi, ezagutzeko izanen zuten galduak zirela, ohoin hekien oihu eta izkirituetarik.
Etzen ere ordu ihesari emateko, ezen elizako atheak etsaien eskuetan zituzten, ongi ohartu orduko zer gal-ordean ziren.
Eman ziren beraz Jainkoari buruz, hari beren arimen gomendatzeko, uste baitzuten beren azken orenerat helduak zirela.
Hargatik etziren oraino, orduan berean hil beharrak. Zeren-eta Jainkoak nahi baitzuen San Placidek eta haren lagunek izan zetzaten martir egiazkoen ohoreak; eta ez baitzituzten izanen, ohoin batzuz doidoia hilak izatu balire.
Orduan berean hil-orde beraz, ezarri zituzten guziak barne berex batean.
San Placidek ikusi zuenean berak zirela, egin zuen bere aintzindaritasunak manatzen ziona: eman zen bere lagun guziekin belhauniko, eta othoiztu zuen Jesus Jauna, guzien izenean, etzadiela urrunt hekien ganik.
Erran bide zioten ere bere lagun hekiei, pagano batzuen eskuetan zirenaz geroz, gerthatzen ahal zitzaiotela zer-nahi. Menturaz oinhazerik ikharagarrienen erdian hil beharko zutela, bainan etzutela zeren izit, Jainkoak emanen ziotela behar zuten indarra, eta zeruan ere bai, are handiagoko saria.
Solhas horrek, eta guzien gainetik beren Nagusi maiteari ikusten zioten bozkario sainduak, sutan ezarri zituen fraide hek guziak.
Hala-hala, beldurrik ez ikhararik gabe ikusi zuten egunaren argia, nahiz erraten zuketen batzuk bertzei hura zela hekien azken eguna.
Beira zaudelarik, beraz, zer ikusi behar zuten, pagano hek ethorri zitzaizkoten. Ez hargatik, oraino aldi hartan gaizki zerbeiten egitera. Ordean, nahi zituztelakotz ezarri saindu hekiekin, bertze hirur kanpoko, fraide etzirenak.
Kanpoko hek ziren San Placideren hirur haurride: arreba bat eta bi anaia.
Bazuen jadanik zenbeit egun komentuan zirela, eta aintzina ere han zauden, bethi abian eta nihoiz ez joaiten. Xoratuak eta lorian zaudelakotz, beira, hango gauza guzien ordre onari, fraide hekien umilitateari eta bildura sainduari; eta, bereziki, beren anaia maiteak erraten ziozkaten solhas on eta jainkozkoei.
Eta horra nola, atzemanak izatu ziren pagano oies eta gogor hetaz.
Ez dakigu, ian erran othe zuten komentuko Aintzindariaren haurrideak zirela.
Bainan erran bazuten eta ez bazuten, deithuak izatu ziren juiearen aintzinera, bertze fraidekin batean.
Manuca erraten zioten gizon hura, etzen bakharrik ohoin-nagusi bat, diru edo onthasunketa zabilana. Gizon hark bazakharren oraino, bere bihotzean higuintzarik handiena giristinoentzat.
Etzuken, alabainan, entzun nahi nihoren ganik, ohoinen tokia bertze munduan, ifernuan izain dela.
Erran zioten beraz martirei, bere aintzinera ethorri zitzaizkonean:
«Ikusten duzuen bezala, zuen bizia nere eskuetan da; erradazuet beraz: zer zarete zuek?».
Eta bertze guziak ixilik zaudelarik, San Placidek ihardetsi zion:
«Gu! giristinoak! Eta nahi balin baduzu oraino bertze zerbeit xehetasun: Huna, hauk biak nere anaiak dire, Etikio eta Bitoriano. Eta huna hau, nere arreba, Andre Flabia. Ni aldiz, bekhatorea, Placide deitzen naute. Eta hauk guziak, nere haurride lagunak dire, komentu huntan nerekin bizi direnak».
Orduan erran zioten Manucak:
«Giristino zaretenaz geroz, behar duzue arbuiatu zuen erlisionea. Eta utziko darozkitzuet bizia eta zuen onthasunak, eta nahi duzuena eginen duzue. Ordean ezpaduzue egin nahi erraten darotzuetana, beharko duzue jasan zer-nahi tormenta».
Aldi hartan ere, San Placidek ihardetsi zion, erraten ziolarik:
«Gure onthasunez eta gutaz eginen duzu nahi duzuna. Ordean, guk ez dugu orai ez gero, arbuiatuko gu ezdeusetarik egin gaituen Jainkoa».
«Hori, gero ikusiko», ihardetsi zion ohoin-nagusiak. Eta ematen zelarik han ziren bertze fraide hekiei beira, erran zioten, mintzo zorrotz eta idor batekin:
«Entzun dugu zuen nagusiak erran darokuna. Ordean zuek, zer diozue? Zer duzue nahiago? zuen erlisionearen arbuiatzea ala hiltzea, oinhazerik ikharagarrienen erdian? Mintza zaitezte».
Bai! saindu hek ere mintzatu ziren, eta ihardetsi zioten:
«Zuk, baitiozu entzun duzula Placide gure Aitak erran darotzuna, jakinazu beraz, gu guzien izenean mintzatu zaitzula. Komentuan garen guziek gogo bera dugu, xede bera eta bizitze bera.
»Giristino gare eta, bertzalde, Benoat Sainduaren Ordenako fraide.
»Eta orai, egizu gutaz nahi duzun guzia».
Solhas hori etzen Manucaren eztiarazteko gai zen solhas bat.
Ez! solhas hori entzun-eta, Manucak eman zuen berehala manua, fundi eta xehaka zetzatela guziak, azote eta zigor edo zaharo ukhaldika.
Gero, aski joak eta ahulduak zitezkela iduritu zitzaionean, berriz ere galdetu zioten, ian etzuten bada egin nahi hark erraten ziotena.
Eta denek ihardetsi zioten:
«Giristino gare eta giristino izanen, azken hatseraino. Egizu gutaz nahi duzuna».
Ohoin-nagusiak, etzakielakotz bertzerik zer egin, hasarazi zituen berriz ere burregoak, azote eta zigor ukhaldika. Eta hariarazi zituen, hekien gorphutzak larrutu arteraino.
Ordean larrutu bazituen ere, etzituen oraino garhaituak.
Ez-ez! etziren garhaituak.
Beren tormenta hekien erdian, Jainkoa ganat altxatuak zaduzkaten beren izpirituak eta bihotzak. Eta Jainko Jaunak ematen zioten behar zuten indarra.
Manuca ere ohartu zen noizbeit, etzela deusik hari.
Orduan estekarazi ziozkaten zangoak eta besoak, eta hetsi zituen komentuko sala-nagusian, erraten ziotelarik egin zezatela kontu ongi zer hari ziren; bertzelakoak zitezkela hekien tormentak biharamunean, non-eta etziren gogoz ganbiatzen.
Dixidu edo mehatxu horiek etzituzten durduzarazi martiren bihotzak. Ez! etziren oinhazen beldur. Izatekotz-ere, bazuten beren bihotzetan oraino gehiagoren pairatzeko gutizia saindu bat.
Hargatik Jainkoari eskerrak eman ondoan ordu arte eman ziozkaten graziez, galdetu ziozkaten biharamuneko behar zituztenak.
San Placide ere etzagon ixilik. Ordean, erraten zioten nolako atsegina egiten zioten Jesus Jaunari haren gatik pairatuz eta ixuriz beren odola; eta gero, berek zer saria, zer zoriona izain zuten zeruan, eternitate guzian.
Hala-hala, biharamunean, gizon gaixtagin harrek galdetu ziotenean zer egin gogo zuten, ihardetsi zioten guziek, goraki, giristino zirela, eta etzutela bertzerik deusere errateko.
Manucak ere etzioten bertze galderik egin.
Ordean manatu zioten bere gizonei, ezar zetzatela dilindan zangoetarik, eta gero, jo zetzatela berriz ere, lehen egunean bezala; xehaka zetzatela beraz eta fundiaraz.
Eta aski jo zituztenean, pizturik sua hekien azpian, egiten zioten khe tzar okhaztagarri edo nakhaizgarri bat, gauzarik zikhinenak su hartarat arthikiz.
Bainan martir saindu hek pairu bera zuten, hala khe hartan zirelarik, nola azote ukhaldika fundituak zirelarik. Denbora guzian, hau zen hekien othoitza:
«Jaun ona, lagunt gaitzatzu zeronek, egin ahal dezagun hasi dugun lana, egin diteken hobekiena».
Entzuten zuten ere noizik-behinka, eta harrabotsa etzenean handiegi, hekien Nagusi Sainduak Jesus Jaunari egiten zion othoitz hau:
«Jesus Jauna, iguzu guziei behar dugun indarra, guziek iraun ahal dezagun bururaino guduka saindu huntan».
Eta nola luzez iduki edo atxiki baitzituzten khe tzar hartan, guzien mintzoak flakatu ziren emeki-emeki. Eta azkenekotz, etzuen nihork ematen bizi zelako seinalerik.
Ohoin hek ere egin zuten beren baithan, hilak edo ithoak zirela, eta, martirak hala-hala utzirik, joan ziren handik.
Ordean etzuten oraino akhabo hekiekilako lana.
Eta biharamunean, etziren gutti harritu ikusteaz beren fraideak bizi-biziak zituztela; eta, gehiago dena, osoki sendo eta hazkar, deusik pairarazi ez baliote bezala, zauririk ttikiena ere izatu ez balute bezala.
Orduan ohoin-nagusiak manatu zioten bere gizonei, ezar zetzatela preso, eta presondegian utz zetzatela jatekorik gabe, emanez egun guziz, jatekoaren ordain, jo aldi bat ona.
Hargatik, hain gaizki ekharriak zirelarik, izatu zuten gau batez ustegabeko atsegina. Ohoinei espakatu zitzaioten fraide hura ethorri zitzaioten ikusterat.
Gordianok bazakien bada ongi, ohoinek atzematen bazuten harenak egin zuela. Ordean joan zen aintzina; eta heldu zen, sainduak zauzkaten barnera, hekien zaintzaileak atzarrarazi gabe.
Lagun eta haurride haren ikusteak atsegin handia egin zioten martirei. Bainan hekiena ez-bezalakoa zen Gordianoren atsegina. Eta laster joan zitzaizkon gabak dituen oren guziak, batzuk eta bertzek ematen ziozkaten berri xehe maitei beha.
Azkenean ere, San Placidek erran zion, Jainkoaren nahia zenaz geroz bizirik egon zadin, joan behar zuela. Erran zezola beraz Benoat, hekien Aita on eta sainduari, hiltzen bazituzten, hek, han ziren guziak, hil eta ondoan ere, bethe-betheak egoin zirela haren amodioaz, eternitate guzian, eta othoitz eginen zutela Jainko Jaunaren benedizioneak jauts zitezen Casingo komentuaren gainerat.
Orduan Gordianok erran zioten guziei:
«Etzaitanaz geroz emana zuekin egotea eta zuekin hiltzea, bai! banoha. Eta zuek, orrhoit zaitezte bururaino Jainko Jaunaz eta haren amodioaz; orrhoit zaitezte haren ganat zohaztela. Eta gero, ez nazazuela ahantz Jainkoaren aintzinean».
Horren gainean, San Placidek ihardetsi zion:
«Egin ginion haste-hastetik Jainko Jaunari gure biziaren sakrifizioa. Orduz geroz, jasan dugu tormenta handirik, bainan jasan tugu guziak gogo onez, orrhoituz, geroago eta aberatsago eta ederrago bilhakarazten hari gintuztela zerukotz. Eta orai, gure bihotzak sutan daude, noiz emana izanen zaukun Jainkoaren ikustea eta harekin izatea behin-bethikotz».
Solhas hori entzun-eta, Gordiano belhaunikatu zen San Placideren benedizionearen hartzeko, eta atheratu zen komentutik ohoinak ohartu gabe.
Bazuelarik jadaneko zazpi egun preso zaudela, deusere jan gabe, eta, aldiz, azote ukhaldika joak egun guziz, Manucak ekharrarazi zuen bere aintzinera San Placideren arreba, Andre Flabia, eta entsaiatu zen, agintzarik ederrenen bidez, hari bere erlisione sainduaren arnegarazterat.
Eta nola Flabia Sainduak irri egiten baitzioten haren agintza hekiei, orduan gaixtagin harrek eman zuen manua egin zetzotela andre gazte batek izan detzazken laidorik handienak.
Bai, berak nagusi izatera, eginen zioten zer-nahi laido.
Ordean, Jesus Jaunak berak zaindu zuen, asko mirakuiluren bidez, bere espos maitea. Eta halaz, haren garbitasun sainduak etzuen izatu notharik ttikiena ere.
Hala-hala, berriz ere fundiarazi zuen azote ukhaldika, eta gero, igorri zuen bere lagunetarat.
Manucari etzitzaion eder garhaitua izatea. Eta hortakotz etzezaken har etsia. Ekharrarazi zuen beraz oraino aldi bat martir hekien guzien nagusia, San Placide, eta agindu ziozkan nahi zituen guziak, nahi balin bazuen adoratu Molok haren jainkoa.
Bainan martir saindu harrek, egin-orde galdetua zitzaiona, erran zion ez dela zeruan ez lurrean Jainko bakhar bat baizik; harrek, eta haren lagunek ere, hura zuketela adoratu behar, eta ez debrua, egiten zuten bezala.
Hitz horiek errabia egiazko batean ezarri zuten ohoin-nagusi hura. Eta manatu zioten bere gizonei hauts zetzotela harri batez hortzak eta aho-matraila, eta khen mihia errotik.
Bai! Horiek guziak egin ziozkaten San Placideri: hautsi ziozkaten hortzak eta aho-matraila, khendu zioten ere mihia; eta orduan Manucak eta haren lagunek ikusi zuten bertze mirakuilu handiago bat: San Benoaten haur eta ikasle maite hura mintzo zela mihia izatu balu bezala.
Eta halarik ere, Manuca etzen konbertitu! Zein den ikharagarri Jainkoaren graziez ez baliatzea ordu deino!
Jainkoaren graziez baliatu-orde, gizon dohakabe harrek nahi izatu zioten egin bertze gaixtakeria handi bat gure saindu maitei; nahi izatu ziozkaten hautsi eta lehertu zango-hezurrak, harri peza ikharagarri batzuen azpian.
Bainan etzioten, ez-eta minik ere egin, aldi hartan.
Eta orduan, etzakielakotz bertzerik zer egin, eremanarazi guziak itsas hegira, eta han pikarazi zioten burua guziei.
Eta halaz joan ziren zerurat, San Benoaten Ordenako lehen martirak.
Hekien zerurat igortzailea, Manuca, hura ere joan zen, bere lagunekin komentuari su emanik, saindu hek hilarazi-eta biharamunean berean. Eta etzuen, egundaino geroz, nihork jakin hekien berririk.
Zeren eta denbora belztu eta gaiztu baitzen hek ongi abiatu zireneko, eta itsasoak iretsi baitzituen denak.
Gordiano ere ohartu zen ohoin hek joan zirela, eta gordea zagon tokitik atherarik, eman zen berehala bideari, jakiteko haren lagunak zer bilhakatu ziren.
Urrunetik ere ikusi zuen haren komentu ederra erre zutela, bainan eliza xutik zela.
Eta gero, eliza eta komentu inguruak alferretan kurritu ondoan, itsas bazterrera joan-eta, han aurkhitu zituen saindu hekien gorphutzak.
Gorphutz hekien aintzinean luzez egotu zen nigarrez, zeren etzitzaion emana izatu, hari ere, bere odolaren ixurtzea Jesus Jaunaren gatik.
Hargatik aski nigar egin zutenean haren begiek, ikusi zuen etzela hura martir hil Jainkoak etzuelakotz nahi. Eman zen beraz Jainko Jaunari buruz, eta erran zion bere bihotzaren zolatik: «Egina izan bekit, Jauna, zure borondatearen arabera».
Eta nola bazter guzietarik ethorri baitzitzaizkon giristinoak, hekien laguntzarekin batean, egin zuen lehen hobi bat San Placiderentzat eta haren haurridentzat, eta gero oraino, bertze bat handiagoa bertze fraide guzientzat.
Eta azkenean, gaztigatu zion Aita San Benoati zer gerthatu zitzaioten haren haur maitei, eta nola izatu zuten zoriona guziek, salbu harrek, beren odolaren Jesus maitearengatik ixurtzeko.
Berri handi hori heldu zenean Casingo komentura, San Benoatek bil-arazi zituen fraide guziak elkharretara, eta erran zioten:
«Aita baten bihotza bozkariotan ematen ohi da, jakiten duenean, etsaiarekin guduan hari zitzaion haurra garrhaitiar dela. Eta berri hori, berri handi bat izaten ohi da etxeko bertze jende guzientzat ere.
»Badakikezue beraz, Jainkoak bere ganat hartu duela, martiren soineko ederrez jauntzi ondoan, Placide gure haurride guziz on eta guziz maitea.
»Nere eskuetan ezarria izatu zitzaidan pontutik banakien hilkor zela. Eta aspaldi du, Jainko Jaunari eskainia niola bitima garbi eta balios hura. Nere bihotzak etzion emaitza handiagorik egiten ahal.
»Orai bada, Jainko Jaunak onhetsi balin badarot bitima balios hura, nere bihotzeko fruitu eder hura, zer errateko nahi duzue izan dezadan?
»Ez! ez dut deusik errateko! Ordean bai, eskerrak Jainkoari emateko.
»Ez dezazuela beraz erran galtze handi bat egin dudala, bainan bai, lehenagorik ere, bozkariotan izateko dudala, zeren nere haur eta ikasle maiteak baduen Jesus onaren aldean eta haren besoetan eternitate guzia iraunen dion bizia.
»Oi, Placide, nere haur maitea, ez, oraiko aldi huntan, nere begiek ez dute nigarrik eginen!
»Munduan zineino, egiten ahal zinuen bekhatu, eta galtzen ahal zinuen Jainko Jauna. Bainan orai, horra non zaren Jainkoaren galtzarrean, bethi-bethikotzat.
»Eta huna zerk darotan bethetzen bihotza atseginez eta kontsolazionez, ikusteaz nerekin ikasi ondoan Jesus Jaunaren maitatzen, zuk ere bertzei irakatsi diozutela gauza bera, eta ederki lagundua joan zarela zure lan eta pairamen guzien sariaren bilha».
San Benoat ixildu zenean, fraide guziek eman ziozkaten eskerrak Jainko Jaunari, gure Ordre Sainduak izatu zuen ohorearen gatik, eta bertzalde oraino, bazakitelakotz, martir hekien odola izanen zela bertze hainitz eta hainitz fraideren hazia.
Hamabortzgarren Kapitulua
San Benoatek nolako botherea zuen hilen gainean
Orai artio aiphatu ditugun mirakuiluek ezagutzerat ematen dutena hau da: San Benoat gure Aitaren bothereak guziz handiak zirela.
Huna hargatik oraino bertze mirakuilu batzu lehenbiziko horiek bezein handiak:
Behin baziren bi ahizpa, botuak eginak. Jainkoari kontsekratuak, beraz, eta elkharrekin zaudenak beren etxean, Casingo mendiaren zolan. Eta etxearen joanarazteko, eta etxeko lanentzat, bazuten berekin gizon giristino behar bezalako bat.
Serora hek botuak eginak bazituzten ere, eta serora arropa balin bazuten ere, etziren hargatik helduak oraino saindutasun gora batera.
Ez! etziren saindu! Ezen mintzo ziren nola-nahi, batzuen eta bertzen gain. Eta hori, hainitz gaitzi zitzaion beren etxean zaukaten giristino hari.
Harrek erran zioten, behin, bietan eta hainitzetan ere bai, etzohakotela batere ongi, hek bezala botuak eginak zituzten andre batzuei, hala, gaizkika haritzea batzuen eta bertzen gain.
Ordean, hek etzuten kasurik egiten gizon jainkotiar haren erranari. Eta egun guziz, goizetik arratsera, bethi sail bera zuten.
Giristino on hura unhatu zen beraz, halako jende batzuekin egoteaz.
Eta nola serora hek San Benoaten meneko baitziren, bederen hein baterainokoan, joan zen Sainduaren mintzatzera eta hari erraterat, nolako solhasak zituzten bethi eta bethi. Erran zion ere, etzela gehiago han egon nahi.
San Benoatek jakinarazi zioten serorei behar zutela baitezpada beren mihiari hobeki kontu eman, edo ezarriko zituela sainduen partaliertasunetik kanpo.
Serora dohakabek etzuten egin behar zen kontua, beren Aita onaren dixidu edo mehatxu saindu hartaz. Hala-hala, biak hil ziren denbora laburrik barnean. Eta ehortzi zituzten elizan, orduan egiten ohi zen bezala.
Gauzak hortan baratu edo akhabatu balire ez bide zen nihor ohartuko, Jainkoaren gaztigurik ba othe zen ala ez hekien hain laster hiltzean.
Ordean huna zer gerthatu zen:
Denbora hartan, meza saindua entzuten zuten guziek komuniatzen ohi zuten. Hargatik, meza sainduaren entzutea etzitzaion mundu guziari emana.
Ezen legeak erraten zuen, bekhatu handi batzu egin balin baziren, egon behar zela, meza denboran, elizako athean, barnago sarthu gabe.
Eta aldiz bertze bekhatu batzu egin balin baziren, orduan bekhatoros hek sartzen ziren elizan, eta han ere egoten, bainan bakharrik Kredoa kantatu arteraino.
Kredoa kantatu zenean eta mezako sakrifizioaren hastean, Diakreak oihu egiten zioten elizan ziren guziei: «Balin bada zuen artean norbeit komuniatu behar ez duenik, athera dadiela elizatik».
Hemen aiphatzen ditugun ahizpa hek hil zirenean, hekien amañok hartu zuen dolua. Eta egin zuen bere baithan, behar zuela entzun meza saindua egun guziz; eta oraino behar zuela egin mezan ofrenda bat ona, haz-haur maite hekien hobeki sokhorritzeko.
Bai! sokhorritu nahi zituzken! Bainan nolakoa etzen izatu haren atsekabea, lehen egunean berean, ikusi zituenean bere haur hek jeikitzen beren hobitik, Diakreak bere oihua egin orduko; eta gero, ahalkez urthuak eta begitartea beltzik, joaiten kanporat komuniatu behar etzutenekin.
Serora hekien kanporat joaite ahalkegarria ikusi-eta, amaño dohakabea, hura ere ahalkatua zagon, eta begien altxatzerat ere ezin menturatuz.
Ordean, haren izpiritua haritu zen lanean, meza errate guzia: «Sarri, zer beharko zioteiat ihardetsi jendei, galdeginen darotedanean zergatik nere haur hek athera diren hobitik eta elizatik; eta zergatik zen hekien begitartea hain ilhun eta hain beltz».
Emakume gaizo hura atheratu zen, beraz, buru guzia nahasia.
Eta beira zagolarik, nola guziak alde guzietarik gainera erori behar zitzaizkon, ohartu zen etziola nihork bertze egunetan baino kontu gehiago egiten.
Hala-hala, egin zuen bere baithan, etzuenaz geroz nihork ikusi deusik, ametsaren pareko liluramendu bat zela, hari iduritu zitzaiona, eta ez bertzerik deusere.
Joan zen beraz biharamunean elizarat, gehiagoko beldurrik gabe.
Bai! joan-bai! Ordean, berriz ere, ikusi zituen serora dohakabeak jeikitzen eta elizatik atheratzen. Eta hirugarren egunean ere, gauza bera gerthatu zitzaion.
Orduan orrhoitu zen, nola San Benoatek dixidatu zituen, elizatik kanpo ezarriko zituela.
Emanik beraz bere gogoari, Saindu handi haren solhasaren gatik zohazila kanporat, meza denboran joan zen haren othoiztera, urrikal zakizkola haur gaixo hek, eta barkha zezotela.
San Benoatek eman zion orduan emakume hari zerbeit gauza elizan ofrendatzeko, eta igorri zuen, erraten ziolarik: «Zohazi, egiozu elizari emaitza hori, eta zure haurrak ez dire berexiak izanen gehiago, sainduen partaliertasunetik».
Eta hala gerthatu zen. Ezen, emaitza hura eginez geroz, egotu ziren beren hobian, handik athera gabe.
* * *
Lehen ixtorio horrek erakusterat ematen balin badu, nolako higuintza duen Jainkoak medisentziarentzat, orai erratera gohazinak irakasten du, gure burasoak behar balin baditugu maitatu, ordean behar dugula Jainkoa maitatu burasoak baino gehiago.
Behin beraz, San Benoatek bazuen bere komentuan fraide gazte bat bere burasoak hainitz maite zituena.
Buraso hek hain maite zituen, non hekien amodioak eginarazi baitzion behin huts bat handia Erregela Sainduaren gainean.
Ezen, egun batez, bertze egunetan baino gehiago tinkatua zelakotz bere buraso hekien ikusteko gutiziaz, athera zen komentutik, San Benoati ez bertze nihori deusik erran gabe, eta komentutik atheratzean hartzen dugun benedizionea nihori galdetu gabe.
Ez bide zuen fraide harrek bekhatu mortalik egin, komentutik hala atheratuz, hargatik nola haren hutsak kalte handia egiten ahal baitzion komentuko ordreari, ez balitz ongi gaztigatua izatu, Jainko Jaunak berak hartu zuen bere gain aldi hartako gaztiguaren ematea.
Eta Jainkoak hala nahi zuelakotz, fraide gazte hura hil zen, bere etxekoetara heldu zen egun hartan berean.
Eta etxekoek, harekin besta egin-orde, behar izatu zuten ereman elizarat, eta han ehortzi.
Horra zer ekharri zion komentutik ixilik atheratzeak. Eta oraino ere, behar zuen gehiago:
Ehortzi zutenetik biharamun goizean, elizan lehen sarthu ziren giristinoek aurkhitu zuten haren gorphutza hobitik kanpo.
Ez dugu zeren erran jende hek eta elizako aintzindari guziak harritu zirela. Etzitzaion hargatik nihori gogoratzen oraino, hobiaz beraz izatu zela kanporat arthikia, bere hutsaren gaztigutan.
Jendeak egin zuen beraz erasia puska bat, eta berriz ere ehortzi zuten.
Bai, ehortzi, bainan handik ondoko gauean ere, hobiak goiti arthiki zuen.
Eta orduan fraidearen burasoak joan zitzaizkon San Benoati. Eta, nigarrez zaudelarik, galdetu zioten, othoi barkha zezola bere gaizkia hekien haur gaixoari.
San Benoaten bihotza onegia zen, egin zezakenaren ez egiteko, hala bere fraide haren gatik, nola buraso triste hekien gatik.
Hartu zuen beraz tabernakletik Ostia kontsekratu bat. Eta eman zioten jende hekiei, erraten ziotelarik ezar zezatela beren haurraren bihotzaren gainean, eta izanen zuela bakea.
Buraso hek egin zuten Sainduak erran ziotena, eta hobiak etzioten gehiago arthiki gorphutz maite hura.
* * *
Berri zoragarri horietarik zerbeiten entzuteak eman zion gogora, orai aiphatzera gohazin gizonari, behar ziola galdetu San Benoati mirakuilu bat oraino handiagoa.
Behin batez, beraz, ondo hetako gizon nekhatzaile bati hil zitzaion bere semea. Eta haur haren galtzeak eman zion atsekabe bat burutik joanaraztekoa.
Bizkitartean, luzez gogoeta egonik, burua bi eskuen barnean, xutitu zen betbetan, hartu zuen soinean bere haren gorphutza, eta joan zen, joan-ahala-joan, Casingo mendiari gora, San Benoaten komenturaino.
Harat heldu zenean, galdetu zuen Aita Benoat behar zuela mintzatu; behar zuela kuxean mintzatu.
Eta, nola erran baitzioten, kanpoan hari zela lanean bere haurridekin, aita harrek han utzi zuen bere semea lurrean, athe aintzinean berean, eta eman zuen berriz ere lasterrari, Aita San Benoat zela erran zioten alderat buruz.
San Benoat ere, etxerat doidoia abiatua zen, nekhatzaile hura hasi zitzaionean oihuka, oraino urrunsko zelarik:
«Benoat, indaazut nere semea, ez naiteke bizi hura gabe, Benoat, othoizten zaitut, indaazut nere semea».
Hitz horiek entzutean, San Benoatek egin zuen bere baithan, erro zenbeit izain zela gizon hura. Eta galdetu zion, ian bazakien zer zarasan, ian hark zuen bada haren semea.
«Ez, nere Aita, erran zion berriz ere nekhatzaileak, belhauniko ematen zelarik; ez duzu zuk. Hila da! Ordean zato! Behar darotazu pitzarazi! Urrikal zakizkit, zuri nago!».
San Benoat, dena ahalkatua solhas horien entzuteaz, eman zen bere haurridei buruz, eta erran zioten:
«Zuek, haurride maiteak, zohazte etxerat. Hilen pitzaraztea, hori apostoluen lana da, eta ez ni bezalako bekhatorosena. Bai, zuek, zohazte etxerat! Zergatik nahi darotet eremanarazi, jasan ahal baino karga gehiago?».
Ordean, nekhatzaileak, konturik egin gabe, ian Saindua ahalkatua zen, bai-ala-ez, erran zion oraino, eta zin egiten ziolarik, halere, hura etzela joanen handik, ez-eta jeikiko ere, non etzion pizten bere semea.
Gure Aita loriosak ikusi zuen orduan, etzuela hoberik, bere ezean egonez, halako buru gogorreko gizonarekin. Eta galdetu zion non zuen beraz seme hura.
Nekhatzaileak ihardetsi zion, komentuko athe aintzinean utzia zuela haren gorphutza.
Eta joan ziren guziak harat.
Han, gorphutz ttiki hartara zirenean, San Benoat ukurtu zen haren gainera; hala-hala zagolarik, egin zuen othoitz pixka bat ahopetik; eta gero, xutiturik, begiak eta eskuak zerurat altxatuak, erran zuen goratik:
«Orai beraz, nere Jaun maitea, othoizten zaitut ikus dezazun, ez nolako bekhatorosa den zuri mintzo zaitzuna, bainan nolakoa den aita dohakabe hunen fedea. Eta hunen fedearen gatik, igorrazu berriz ere, gorphutz ttiki huntarat, hortik khendu duzun arima».
Eta han ziren guziak ohartu ziren haurraren gorphutza, guzia higitu zela, San Benoatek azken hitz horiek erratearekin.
Bai! haurra piztua zen!
Sainduak eman zion eskua jeikitzen laguntzeko. Eta ezarri zuen bere aita maitearen besoetan.
* * *
Zerbeit gatik iskribatua da liburu sainduetan, aphaltzen eta umiliatzen denaren othoitza zeruetan gora joanen dela.
San Benoatek bekhatorosik handienarentzat dauka bere burua. Ezagutzen eta aithortzen du, beraz, Jainkoak ez diola zor hari bertzerik deus, baizik ere bere bekhatuen gaztigua.
Bitartean, badakielakotz Jainkoaren ontasunak ez duela nihon bazterrik, mintzo zaio lañoki. Galdetzen diozka ere mirakuilu handi batzu, eta mirakuilu hek ardiesten ditu galdetu bezein laster.
Guk aldiz, hainitz galde dezagula ala gutti, guk ez dukegu deusik ardiesten.
Zergatik bada hori?
Huna: lehen-lehenik, urguiluz hantuak garelakotz. Eta gero, gure othoitz eta galde hek egiten ditugulakotz halako beldur batekin, eta entzunak izanen garelako esperantza erdizkako batekin bakharrik.
Egin nahi diogunean Jainkoari galde zerbeit, bai, behar dugu ikusi eta aithortu, ez ginukela merezi entzunak izatea.
Bainan gero, hala aphaldu eta umiliatu garen ondoan, egin detzagun gure galdeak, orrhoituz mintzo garela guziz maite gaituen Aita on bati, gure ona baizik nahi ez duen Aita maite bati.
Horrek erran nahi baitu, beldurrik gabe eta entzunak izanen garelako segurantza saindu batekin.
Hamaseigarren Kapitulua
San Benoatek izatu zituen egitekoak Totila
erregearekin eta haren kapitain batekin;
nola zakien ere geroan zer izanen zen
Gure Aita Abadea bere biziko azken urthetan zelarik, Agotak sarthu ziren Italian. Eta garhaitu ondoan Erromako armadak, ezarri zituzten bazter guziak sutan eta odoletan.
Hekien aintzindaria eta erregea, deitzen zuten Totila. Hura zen gizon bat basa, harekilako jendealdea bezala; ordean izpiritu puska bat ere bazuena.
Gizon harrek bazuen aspaldian, guduka handi bat bere buruarekin. Ezen, Italian sarthuz geroz, ikusten zuen jendea mintzo zela bazter guzietan San Benoatez eta San Benoaten egintza ederrez.
Eta bitartean, hari gogoak etzion onhesten, gizonak izaten ahal zuela halako podorerik.
Hurbildu zenean beraz Casingo mendi alderat, Erroman sartzea geroxagorat utzirik, egin zuen bere baithan, behar zuela jakin ongi zer zen mundu guzia mintzarazten zuen gizon hura, eta nolakoak ziren haren jakitatea eta bothereak.
Hortakotz igorri zion lehenik soldadu bat, erratera, Totila erregeak nahi zuela ikusi, ian joan ziteken.
Berri horrek etzuen izitu gure Saindua. Eta aintzina ere bere lanari hari zelarik, ihardetsi zion soldaduari erran zezola bere nagusiari ethortzen ahal zela.
Ordukotz Totilak jauntzaraziak ziozkan bere soinekorik ederrenak, bere heineko kapitain bati. Eta jakin zuenean, San Benoatek bera igurikitzen zuela, erran zioten bethi bere aldean zituen aintzindari batzuei, zohazila hek ere kapitain harekin, alegia erregeren lagun.
Eta manatu zioten bertzalde, ez dakit zenbat zaldizko gizonei, joan zitezela hek ere, aintzindari hekiekin.
Bera aldiz, egotu zen han berean, ederki irri egiten zuelarik bere baithan, bere amarruaz, eta Sainduaren atxemateko hedarazten zuen arteaz.
Errege-ordea heldu zenean komentura, athearen zain zagon fraideak egin zion erregeari berari zohakon ongi-ethorria, eta ezarri ziozkan kanpoko athe handiak zabal-zabala, joan ahal zadin komentu barneko atheraino zalditik jautsi gabe.
Sarthu ziren beraz komentuko barrigoan, karraskarik handienean.
Eta jakinik San Benoat bera, komentuko athearen ondoan irakurtzen hari zela, bazohazin aintzina burua gorarik.
Joan gogo zuten ere haren ondoraino beren zaldien gainean.
Bainan San Benoatek oihu egin zion errege zelako gizon hari, erraten ziolarik: «Khen zatzu, nere semea, khen zatzu soineko horiek. Berdin ez duzu hor, deusere zererik».
Solhas horiek harritu zuten kapitain hura. Eta, jausten zelarik zalditik, eman zen lurrean ahuspeka, dena ikharetan, nola menturatu zen halako burla edo trufaren egiterat hain gizon sainduari.
Haren lagun guziak ere umiliatu ziren, buruaz lurra ukhitzerainokoan, eta gero, joan ziren lehiarik handienean erregearen ganat. Eta, aintzina ere ikharetan zaudelarik, erran zioten zer gerthatu zitzaioten, eta nola izatu ziren ezagutuak.
Orduan Totila bera igan zen Casingo mendira, ez kopeta gorarik eta irriz, bainan hura ere dena ikharatua. Eta ikusi zuenean urrunera Aita San Benoat, jautsi zalditik, eta eman zen lurrean etzanik, luze-luzea.
San Benoatek eginen zuen ez ikusiarena, ez balitz saindu bat izatu.
Bainan ez! Gure Aitaren bihotza onegia zen holako lanik egiteko. Ikusi zueneko beraz, zer eginarazten zion bere urrikiak, berehala oihu egin zion, xuti zadiela. Eta, ez bakharrik behin; bainan bietan eta hiruetan ere bai, egin zion oihu bera: xuti zadiela.
Eta nola Agoten errege lazgarri hura ez baitzen xutitzen, orduan gure Aita ona bera joan zitzaion, eta xutiarazi zuen.
Gero, nahiz bazakien Italia guzia ikharetan zaukan gizonari mintzo zitzaiola, erran zion bere meneko zuken fraide bati bezein lañoki: ordu arteraino eginikako gaizkiak, eta egun guziz egiten zituenak, handiak zirela; eta menturaz gaizki handiagoen egiteko xedearekin zela; hargatik orrhoitzeko zuela, zer kontua behar zuen eman, harrek ere, Jainkoari, bere gogoeta, solhas eta egintza guziez.
Orduan Totilak othoiztu bide zuen, erran zezola, zer behar zitzaion gerthatu handik aintzina.
Ezen Sainduak erran ziozkan oraino bertze solhas hauk:
«Garhaituko duzu Erromako armada, eta Erromako hirian ere sarthuko zare.
»Gero berriz, iraganen zare Afrikarat zure armadarekin. Bainan Afrikarat iraganez geroz, etzare luzez biziko.
»Ez! denetara, ez duzu bederatzi urtheren bizia baizik».
Totila ikharetan zagon San Benoaten aintzinera gabe, eta ez dugu zeren erran, solhas horiek hainitz ikhara handiagoa eman ziotela.
Eman zen beraz belhauniko gure Aita loriosaren aintzinean, galdetu zion harentzat othoitz egin zezala, eta joan zen Casingo komentutik, ordu arteraino ez-bezalako bizitzeaz bizitzeko xedea harturik. Agintzen ziolarik beraz Jainkoari, garhaitiar zitekenean ere, etziola eginen nihori behargabeko gaixtakeriarik.
Eta atxiki zuen bere hitza.
Ezen, nahiz Erromako hirian sarthu zen, hiri hura setiratua iduki ondoan, nahiz Afrikako hiri aberats batzu ere beretu zituen, etzion hargatik nihori gaixtakeriarik egin, Casingo mendian izanez geroz; eta aldiz bai, hainitz ongi batzuei eta bertzei.
Han zuen alabainan, begien aintzinean, San Benoaten solhasa, hil beharra zela hamargarren urthean.
* * *
Guk ere zenbat gaizki ez ginezake utz egin gabe, eta aldiz, zenbat ongi gehiago ez ginezake egin, orrhoitzen bagine maizxago, hil beharrak garela laster!
* * *
Baditugu oraino bertze ixtorio batzu, erakusten darokutenak gure Aita loriosak zein ongi ezagutzen zuen ethorkizuna. Bainan hobe dugu, hemen bidenabar ikustea, zer egiteko izatu zuen, bertze agota gaixtagin batekin.
Zala deitzen zuten kapitain bat bazabilan soldadu andana on batekin, herriz-herri, eta ebasteko zerbeit bazela uste zuen tokietan gaindi.
Gizon hura etzen ohoina bakharrik. Ordean bera heretiko zelakotz, bazakharren bihotzean higuintzarik handiena apez eta fraide guzientzat. Haren eskuetarat erori apezak edo fraideak segur zuen bere kontua.
Behin batez, ohoin-kapitain harrek bere eskuetan zaukana, etzen apeza, ez fraidea, bainan bakharrik lur-lanetarik bizi zen gizon gaizo bat. Eta soldaduak hari zitzaizkon jo-eta-jo, non gorde zuen bere dirua. Diru hura eman zezala, nahi balin bazen bizirik gelditu!
Dohakabe harrek ikusi zuenean, aintzina ere hari zitzaizkola, eta etziotela sinhetsarazten ahal, etzuela hark dirurik, erran zioten gezurra: Benoat Sainduari emana ziola altxatzera.
Orduan gelditu ziren haren joitetik. Bainan Zalak ongi estekarazi ziozkan lau zango-besoak, lasterrik etzezan egin. Eta gero, erran zion zohala haren aintzinean, eta ereman zezala aiphatu zuen Benoat haren gana.
Eta hala, langilea aintzinean, kapitaina zaldiz gibeletik, heldu ziren Casingo komentura.
Hek komentura heltzean, San Benoat athearen ondoan zagon, jarria eta irakurtzen hari.
Kapitainak jakin zuenean hura zela San Benoat, hasi zitzaion oihuka, erraten ziolarik: «Jeiki hadi laster! Jeiki hadi! eta ohakit, gizon hunek atxikitzerat eman darokan diruaren bilha!».
Eta hitz horiek erratearekin, zalditik jautsi zen.
Sainduak, zagon tokitik higitu gabe, egin zion nardatzen ere zelako, halako begiratze bat; eta aldiz gizon gaizo hari, amodiozko begiratze ezti bat.
Egina izatu zitzaion begiratze harrek laztura bat eman zion Zalari.
Ez bide zuen aurkhitu ordu arteraino bere aintzinean, halako begirik ez begitarterik.
Han zagon beraz harritua, ohartu zenean betbetan, bere aintzinean ekharri zuen gizon haren lokharri guziak laxatu edo hautsi zirela, nihork ukhitu gabe.
Eta orduan, Jainkoaren graziaz argitua, eman zen belhauniko eta ahuspeka Sainduaren aintzinean, othoizten zuelarik lagunt zezala bere bekhatuen barkhamenduaren merezitzen.
Gure Aita loriosak etzion gaizki handirik erraten ahal, halako urriki sainduaz hartua zen gizonari. Ez, etzion gaizkirik erran. Ordean komenturat sarrarazirik, adiarazi ziozkan hobeki, nolako eginbideak zituen Jainkoaren alderat.
Eta azkenean, Zala athera zen komentutik, osoki ganbiatua, eta sainduki bizitzeko xede egiazko batekin.
* * *
Holakoak izatu dire gure Erlisione Sainduak eginarazi dituen ganbioak, hasirik Apostoluen denboratik eta orai arteraino.
Gure Erlisione Sainduak irakatsi diote denbora guzietan, hala erregei eta manatu behar duten guziei, nola bertzen meneko diren guziei, nolakoak diren hekien eginbideak.
Erregeari edo manatzaileari irakatsi dio, duen bothere hura, Jainkoaren ganik duela. Eta egun batez, beharko duela eman kontu xehea, berak eginarazi, edo bere faltaz egiterat utzi dituzken hutsez, bai-eta eginarazi gabe utzi duen ongiaz.
Gure Erlisione Sainduak irakasten dio halaber, bertzen meneko denari, Jesus Jaunak ere obeditu duela, gurutzearen gainean eman duen azken hatseraino, ez bakharrik bere Aita eternalari, bainan Maria bere Amari eta Josepi; eta ez bakharrik hekiei, bainan oraino Juduei, Pilatusi eta burregoei berei. Ez dela beraz sobera, harrek ere egin dezan Gure Erostaile Jaunak egin duena, hogoita hamahirur urthez.
Bertzen meneko denak, ez dezala beraz ahantz Jesusen irakaspen hori, eta eginen du manatua zaiona, erasiarik gabe, eta Jainkoari berari obeditzen diola orrhoituz.
Manatu behar dutenek ere gogoan idukiko dute, beren meneko dituzten jende hek, ez direla berak baino txarragoko mota batetik, ordean guziak haurrideak garela, eta guziak zeruko loriarat deithuak.
Eta hortaz orrhoitzera, izanen dute errexki, beren azpiko dituzten guzientzat, behar duten ikustatea eta eztitasuna.
* * *
Totilaren ixtorioa bera aski liteke erakusteko, gure Aita loriosak bazuela profeten botherea eta jakitatea.
Huna hargatik oraino bertze ixtorio batzu, ezagutarazten daukutenak ezin hobeki, bazakiela ethorkizunean zer izanen zen:
«Egun batez, mintzo zelarik hainitz adiskide zuen apezpiku saindu batekin, Totilaz goiti beheiti, apezpikuak erran zion bazter guzietan jendea harritua zagola, errege hura Erromarat zohalakotz, hiriaren errearazteko eta fundiarazteko gogoarekin.
»Ez, erran zuen orduan San Benoatek, ez dute jendek fundiaraziko Erromako hiria. Erroma bera erori eta funditu beharra da, aski miseria jasan dukenean, eta lur-ikharek aski iharrosi duketenean».
Gure Aita loriosak solhas horiek erranez geroz, joan dire hamahirur ehun urthe. Hamahirur ehun urthe horiek joan bizkitarte, Erroma izatu da askotan etsaiez setiratua, eta hartua ere bai; ordean orai arteraino, etsai guziek xutik utzi dute.
Egia da hargatik Totilaren soldaduek hartu zutela asko gauza, hiri hartan sarthu zirenean; ordean, joan ziren handik, hiria osorik uzten zutelarik.
* * *
Huna orai, bigarren ixtorio bat:
Bazen Casingo mendiaren inguru hetan zagon giristino behar bezalako bat, ibiltzen zena maiz komentuan, Abade Sainduaren ikustea gatik, eta hari zenbeit solhas onen erranaraztea gatik.
Teoprobe deitzen zuten giristino hura.
San Benoatek ere hain zuen maite eta hain begi onez ikusten zuen, non joaiten ahal baitzen Aita Abadearen gelarat, komentura heldu bezein laster; batere iguriki gabe, beraz, eta etxeko bat izatu balitz bezala.
Behin batez bada, hola joan zelarik, aurkhitu zuen hasperenetan eta auhenetan zagola, eta nigarra zohakola bi begietarik.
Ordu hura baino lehen ere, giristino on harrek ikusiak zituen nigarrak San Benoaten begietan, Jainkoaz dena hartua, othoitzean hari zelarik. Bainan halako aldi hetan, begitarteko bozkarioak berak erakusterat ematen zuen, zorionaren handiaren-handiz zagola nigarrez.
Errexki ezagutu zuen beraz Teoprobek, orai aiphatzen dugun egun hartan, Sainduak bazuela zerbeit tristezia eta atsekabe handi.
Egotu zen ere beira aphur on bat, ian ez othe zen jeikiko, utzirik bere othoitza. Eta nola aintzina ere hala-hala baitzagon, joan zitzaion aldera, eta ohartarazi zuen han zela, haren ikusterat ethorria.
Gero, lehenbiziko solhasak egin zituztenean, Teoprobek galdetu zion zergatik zituen nigar hek; zer zuen, hain trixte izateko.
Eta Sainduak ihardetsi zion: «Badakizu, nere adixkide maitea, ez dautzudala deusik gordetzen ahal. Huna beraz, zergatik den nere bihotza den bezein beltz:
«Nere komentu hau egina nuen, nere ustez, Jainkoaren loriakotz, eta hainitz arimen salbamenduarentzat. Nerorrek dakit, zer lanak ibilia naizen, ikusten duzun heinera ekharri ez dudan arte.
»Eta bada orai, huna zer darotan Jainko Jaunak adiarazi: komentu hau, den bezalakoa izana gatik ere, erori beharra dela pagano batzuen eskuetarat.
»Ez dut Jainkoaren ganik bertzerik ardietsi ahal izatu, baizik ere, orduan hemen izanen diren fraideak bizirik athera ahal ditezela pagano hekien aztaparretarik».
Berantxago ikusiko dugu, Jainkoaren izpirituaz argitua zela egiazki gure Aita loriosa, solhas horiek erratean.
* * *
Bazen oraino Casingo inguru hetan bertze Abade bat, maiz ibiltzen zena, hura ere, San Benoaten ikusten.
Cerbandi zen Abade haren izena.
Behin beraz, luzez mintzatu ondoan Jainkoaz eta jainkozko gauzez, gure Aita loriosak ereman zuen Abade arrotza prestatua zioten gelarat. Eta nola bere gela, arrotzari eman ziotenaren gainean baitzuen, Saindua ere igan zen bere hartarat.
Bere gela hartan egin zuken lo pixka zerbeit. Bainan gero, berriz ere jeikia gauerdi irikotz, eta fraide guziak oraino lo zaudelarik, gure Saindua leihoan zen othoitzean hari, ikusi zuenean betbetan, argi handi bat zerutik lurrera jausten.
Argidura hura hain zen handia, non bazter guziak argitu baitzituen egunaren argiak baino hobeki.
Ordu berean oraino, ikusi zuen zerutik lurrerainoko leinhuru edo arraio eder bat, eta ximixtak bezala distiratzen zuen leinhuru hartan, ikusi zituen zeruko eta lurreko gauza guziak, eta zenbat komentu eta fraide benediktano izanen zen ere bai, munduaren akhabantzaraino.
Ikusgarri xoragarri hari beira zagolarik, oraino ere, ikusi zuen suzko bola bat, zerurat zohana, eta bola haren barnean, aingeruek zaramatela, airez-aire, Capueko apezpiku sainduaren arima.
Jadanik mintzatuak gare apezpiku hartaz. Hura zen San Jermein, San Placideri eta haren lagunei dakigun ongi-ethorria egin zioten apezpiku hura.
Bazuen beraz gure Aita loriosak xoratua egoteko behar zen baino gehiago.
Halarik ere, egin zuen bere baithan, behar zuela bederen lekhuko bat, jakinen zuena, zer grazia handia egin zion Jainko Jaunak. Eta oihu egin zion Cerbandi Abadeari, deitzen zuelarik bere izenaz hirur alditaraino.
Cerbandi igan zen lehiarik handienean eta harritua, zer zuken San Benoatek, halako oihuen egiteko, tenore hartan.
Gainera zenean, Sainduak erran zion, beira zezala kanporat. Beira jarri zen hura ere, bainan ordukotz erdi-histua zen gure Aita onak ikusi zuen argidura. Eta handik berehala osoki galdu zen.
Hargatik kondatu zion zer ikusi zuen. Eta gero, manatu zion bidal zezala mandatari bat Capueko hirira, Jermein Sainduaren berrien galdetzera.
Bainan mandatariak jakin zuena hau zen: Jermein apezpikua hila zela. Eta galdeturik xehe-xehea, noiz hila zen, jakin zuen, azken hatsa eman zuela, San Benoatek haren arima zerurat igaten ikusi zuen ordu hartan berean.
* * *
Jainkoaren xedea, hoin dohain eta jakitate handiak ematean bere zerbitzariari, etzen bertzerik baizen ere, jende guziei adiaraztea, guziz gogarakoak zituela haren solhas, lan eta egintza guziak.
Bazohazkela beraz, lañoki eta beldurrik gabe haren ganat, beren behar-ordu guzietan. Eta bereziki, nahi baziren jarri haren Erregela Sainduaren azpian, bazituzketela, berthutearen pratikatzeko eta merezimendurik handienen irabazteko, behar zituzketen grazia guziak.
Hamazazpigarren Kapitulua
San Maoreren Frantziarat joaitea
Zenbatenaz ere sainduak hurbiltzen hari baitire bere azken egunerat, eta hainbertzenaz ere, Jainkoak galdetzen diozkate sakrifizio handiagoak.
Benoat Sainduarentzat ere, gauzak hola joan ziren.
Halako sakrifizioak eginaraziz, Jainkoak nahi zuen irabaz zetzan geroago eta merezimendu handiagoak; eta bertzalde, geroago eta hobeki garbi zadiela haren bihotza.
Bazuen jadanik zenbeit urthe, Placide bere haurride guziz maitearen sakrifizioa egina zuela; bere komentu ederraren sakrifizioa ere egina zuen, bere lehenbiziko hamabi komentu hekien uztea egin zuen bezala.
Eta, nola ohartua baitzen, indarrak ttikitzen hari zitzaizkola, etzuen bertze ametsik, baizik ere, heriotze on baten egiterat prestatzea, Jainko Jaunak galdegin zionean bertze sakrifizio berri bat.
Manz-eko apezpikuak bazuen bere diosesan hainitz komentu. Bainan hala ere, iragan zuen bere baithan, ongi handia eginen ziotela arimei, San Benoaten ordreko komentu bat altxatzen ahal bazuen.
Eta bidali ziozkan bi mandatari gure Aita loriosari, othoizten zuelarik, igor zezola zenbeit fraide.
San Benoatek egin zioten behar bezalako ongi-ethorria, hain urrundik joaiten zitzaizkon gizon hekiei. Eman zioten ere atseginekin, beren bide luzearen buruan, behar zutena. Bainan gero, etzen gutti harritu jakin zuenean nolako mezuaren egiterat ethorriak zituen.
Ezen gogoak eman zion ordu berean, nihor igortzekotz, behar zuela igorri Maore. Eta etzezaken nihola ere onhets ikasle maite haren galtzea.
Eman zen beraz Jainkoari buruz, ian hala othe zen bada haren nahia.
Eta Jainkoak ezagutzerat eman zion, Maore Sainduak zer ongi handia egin behar zuen Frantzia guziari; eta zenbat mila-eta-mila arima saindutu beharrak ziren, hari eta haren ondotik izanen ziren benediktanoei esker.
San Benoaten ametsa, ordu arteraino, hau zen: Maoreri uztea osoki Casingo komentuaren joanarazteko lana. Eta fraidek ere uste zuten, hura zela hekien aintzindari gaia.
Bainan Gure Aita loriosa jarri zen Jainkoaren eskuetan, ezagutu zuen bezein laster, Jainkoak bere loriakotzat galdetzen ziola bere haur eta ikasle maitea.
Etzitzaion ere nekhe izatu Maoreri adiaraztea, joan behar zuela Frantziarat, komentu berri baten egiterat.
San Maorek ihardetsi zion bere Aita onari, eginen zuela harrek, errana izanen zitzaion bezala.
Bazakien, alabainan, arras ongi, bere Aitari obeditzean, Jainkoari berari obeditzen ziola.
Eta nola orduan Trufaniako bestaren inguruan baitziren, iragan zuten elkharren artean, abiatuko zela Frantziarat handik ondoko larunbatean. Hura baitzen, urthe hartan, urtharilaren hameka.
San Benoat eta San Maore, biak bi saindu handi zirelakotz, hek egin zuten erdi errexki, Jainkoak galdegiten zioten sakrifizioa. Ordean guk egin ez dezakegun lana da adiaraztea, nola ilhundu eta belztu ziren fraide guziak, jakin zutenean galdu behar zutela Maore, beren Aita eta lagun ona. Husu joan zitzaizkoten beraz aste hartako egunak.
Bizkitartean San Benoatek hautatu zituen bertze lau fraide, Maoreren lagun igortzeko.
Eta gero, larunbat goizean, fraide guziak elkharrekin bilduak zirelarik, eman zion Maore Sainduari Erregelaren Liburua.
Liburu hura bere eskuz iskribatua zuen San Benoatek. Eta harrek egina zela seinale, iskribatu zituen zolan hitz hauk: Benoat bekhatorearen liburua.
Erregela Sainduarekin batean, eman zion oraino fraide bakhotxak, egun guziz, behar zuen ogiaren eta arnoaren neurria. Eta gero, halako orduetan egiten diren othoitzak eginik, athera ziren guziak, kanpoko athe handietaraino.
Bainan ordukotz, fraide guziak ezinbertzeratuak ziren. Hasperenez eta nigarrez zauden beraz komentutik atheratu behar zirenak, eta han berean zaudenak, eta etzen nihondik entzuten nigarrik eta nigarrik baizen.
Hala-hala, San Maore eta haren lagunak jadanik belhauniko zirelarik, beren Aita guziz maitearen azken benedizionearen hartzeko, San Benoatek erran zioten:
«Nere haurride eta haur maiteak: hemen, norbeitek egin behar balu gogoeta beltzik, eta, ordu berean, nigar khiretsik, nik nuke egin behar, galdu behar ditudalakotz, dakizkatzuen kontsolazioneak eta laguntzak.
»Bainan Apostoluak erraten daroku, karitatea ongiegile dela, caritas benigna est. Eta horra zergatik behar dugun ikusi, ez gure onak zer galdetzen larokuken, bainan zer galdetzen darokun bertzen onak.
»Sinhets nazazue, beraz, eta utz zazue nigar egitea. Jainko Jauna gai da komentu huni emateko orai dohatzinen ordainak. Bai-eta nere ordaina ere, emanen dautzue, sarri, gorphutz herbail hau erori zaukikedanean. Eta nere ordain harrek emanen darozkitzue, ni bekhatorosak ematen ahal ez narozkitzuen irakaspenak.
»Gure arimen etsaiak, orai gurekin egin nahi luken irabazia hau da: gure tristaraztea, eta halaz, guri galaraztea Jainko Jaunak galdetzen darozkigun sakrifizioen merezimentua.
»Ez bedi izan holakorik!
»Aitzitik, maite ditugun lagun batzuetarik berezte hau izan bedi guretzat, hegal berri batzuen hartzea, errexkiago eta arinago kurritzeko zeruko bidean.
»Bertzalde, zenbat-nahi urrun izana gatik gorphutzez, gogoz eta bihotzez bethi elkharrekin izanen gare».
Solhas horiek guziei erran zituenean, San Benoatek aphaldu zituen begiak belhauniko zauden bortz hekien gainera eta erran zioten:
«Zuetaz denaz bezenbatean, nere haurride maiteak, urrun duzue Jainko Jaunak eman nahi darotzuen lantegia; ordean, zohazte gogo onez eta beldurrik gabe. Zuen lanaren ongi joanarazteko indarrak galde zotzue lanera deithu zaituztenari berari.
»Orrhoit zaitezte oraino, zenbatenaz ere gehiago jasanen baituzue Jainko Jaunaren loriakotzat, eta hainbertzenaz ere zuen zoriona handiago izanen dela zeruko lorian.
»Eta gero, ez zatzuela utz zuen bihotzak sobera ilhuntzerat, jakinen duzuenean, hautsi tudala lurrari estekatzen nauten lokharri hauk.
»Gorphutz hilkor huntarik athera naitekenean, zuen artean izanen nauzue, orai baino hobeki. Bai! Jainko maiteak hala nahi duelarik, lagunduko zaituztet zuen lan eta urrats guzietan».
Agintza saindu horrekin batean eman zioten bere benedizionea. Eta ordu berean, bortz benediktanoak eman ziren Frantziarat buruz, hekien bilha ethorriak ziren bi mandatariekin batean.
San Benoatek errana zioten noraino joan behar zuten lehen egunean; eta gero, non behar zuten iragan lehen gaba.
Bertzalde, bederen lehen gau hartan, izan zezaten pausatzeko eta indar hartzeko behar zuten guzia, baziren bi fraide, aintzinetik joanak, piaiantek behar zuten guziaren prestatzera.
Arratsalde aphala zuten etxe hartarat heldu zireneko. Han ziren beraz guziak, eta jadaneko beren othuruntza egina, othoitzean hari ziren elkharrekin, Casingo bi fraide maite agertu zitzaizkotenean athe-harriaren gainean.
San Benoatek igortzen ziozkaten fraide hek. Ezen nahi zuen jakin baitezpada, nola hartu zituen bideak, lehen egun hartan.
Bazituzten ere Maore Sainduarentzat, kaxa ttiki bat eta letra bat. Kaxa hartan, baziren Gurutze Sainduaren bi zathi xume eta bertze erlaki saindu batzu.
Eta huna zer gaztigatzen zion letra hartan:
«Nere haurride maitea, kaxa hori da zure haurtasunetik hasirik orai arte, zeruko bidean gidatu zaituenak bidaltzen darotzun azken dohaina. Har zazu, etzaitzue gutti baliatuko zuen bide luzean.
»Bertzalde behar dautzut erran, Jainkoak zer jakinarazi darotan, zu joanez geroz.
»Zure fraidegoako hirur-hogoigarren urthera heldu zaitezkenean, izanen da zuretzat, zeruko lorian sartzea. Baitutzu beraz oraino berrogoi urthe lurrean egoteko. Eta asko atsekabe badago zuretzat, berrogoi urthe horietan.
»Lanak izanen tutzu ere, gure ordrearen xutik ezartzen Frantziako lurrean; gure arimen etsaia trebes jarriko zaitzulakotz zure bide guzietan.
»Bainan zohazi beldurrik gabe. Jainko onari esker, garhaituko duzu Satan, eta eginen duzu komentua, zure ustez egin behar zinuena baino toki hobean.
»Eta orai, nere haurra, othoizten dut Jainko Jauna, eman dezaitzun benedizionerik nasaienak, hala munduan iragan behar duzun denbora guziarentzat, nola zure azken oreneko».
Letra hori irakurtu-eta, San Maore eman zen Jainkoari buruz, erraten ziolarik bere bihotzaren zolatik:
«Emadazkidatzu, Jauna, nahi ditutzun atsekabe eta lan guziak. Egina izan bekit zuk nahi duzun bezala».
Biharamun goizean, egin ziozkaten gomendio batzu Casingo komenturat itzuli behar ziren lau fraide hekiei, eta, hek guziak ongi besarkaturik azken aldikotz, abiatu zen bere bidean bertze lau lagunekin.
Hamalau egunen buruko, helduak ziren Verceileko hirira.
Hiri hartan ziren oraino, pausa pixka baten hartzen egonki, Jainko Jaunak adiarazi nahi izatu ziotenean hekiekin zela.
Manz-eko Jaun Apezpikuaren mandatarietarik bat, joan-ethorri zabilalarik selaru batean, erori zen selaru hartarik. Eta halako mina hartu zuen beso batean, non, zenbeit egunen buruan, mirikuek erran baitzuten usuak edo suharrak gaina hartzen hari ziola, bortxatuak zirela besoaren pikatzerat.
Ordean Frantziatik ethorririkako bigarren mandatariak othoiztu zuen San Maore, egin zezala zerbeit haren lagunaren onetan: Beso baten galtzeak bere bizi guziko zorigaitza emanen ziola, nahi-eta-ez.
San Maorek onhetsi zituen solhas horiek.
Joan zen beraz eriaren gana, Gurutze Sainduaren zathi bat berekin harturik; egin zituen hirur gurutzearen seinale eriari buruz, Gurutze Sainduaren erlaki hura eskuan zadukalarik, eta, ordu berean, pikatzerat kondenatua zen besoa sendatua zen, egundaino minik izatu ez balu bezala.
Mirakuilu horrek ezarri zuen airean jende guzia. Hala-hala, San Maore etzen gehiago egon nahi izatu Verceileko hiri hartan; eta joan zen handik lehen-bai-lehen, jendeak eman nahi ziozkan ohoriei ihesi egitea gatik.
Bainan mirakuilu hura etzen harrek egin behar zituenetarik azkena.
Italiako mendiei behera hari zirelarik, gizon bat beren lagun hartua zutena bide gaixto batzuetarik iragan arte, hura ere erori zen. Eta halako erorikoa egin zuen, non zangoa hautsi baitzuen hirur tokitarik.
Bainan nola Maoreri ez baitzohakon ongi bidean gelditzea giza-gaizo haren zangoaren arthatzen, egin zuen zango hautsi haren gainera gurutzearen seinale bakhar bat, eta hura ere osoki sendo zen.
Jadanik Frantziako lurretarat helduak zirelarik, ikusi zuen apiiko-azpi batean, gizon bat sortzez itsua zena. Itsu hari ere egin zion, Jondoni Petrik Jerusalemeko itsu hari egin ziona, amoina-orde eman zion, Jesus Jaunaren izenean, begietako argia.
Urruntxago, bertze herri batera heldu zirenean, han, ikusi zuen emakume bat dena nigarretan, eta bihotzeko ilhuntasunik handienean. Eta erran zioten hura zela emakume alhargun bat, bere seme eta haur bakharra agonian zuena.
Jadanik ilhuna zelarik, San Maore joan zen eriaren etxera. Eriaren gelan ere sarthu zen, haren ama ohartu gabe. Eta gero, othoitz batzu eginik eriaren ondoan, athera zen ixil-ixila.
Ordean gizon gazte hura ere sendatua zen. Ezen berehala oihu egin zion amari ager zadiela, behar ziola eman harrek etzakien berri bat: Jainkoaren bi adixkide izatu zitzaizkola ikustera; egin zutela othoitz bat haren ohe aintzinean, eta, hekiei esker, osoki sendo zela. Erran zion oraino amari harrek bazuela Saindu hekiei esker mundu huntako eta bertzeko bizia.
Ez liteke errex erratea, nolakoa zen ama haren zoriona. Eta nola beren artean egin baitzuten, Jainkoaren adixkide hek orduan heldu ziren fraidetarik zirela, ama-semeak joan ziren biharamunean hekien gana.
Gizon gazteak ezagutu zituen berehala ikusten izatu zitzaizkonak; ezagutu zuen ere, Maoreri ziola bakharrik zor bizia. Eta haren aintzinean belhauniko ematen zelarik, galdetu zion othoitz egin zezala harentzat.
Eta San Maorek egin bide zuen othoitz.
Ezen berantxago, gizon gaztea fraide bilhakatu zen. Eta bizi izatu ondoan luzez eta sainduki, sarthu zen komentu hartan berean, egin zuen bizitze saindu bati dohakon heriotze on eta eztia.
Horrelako asko mirakuilu egiten zuelarik, eta ordukotz Aste-Sainduko egunak zirelarik, Maore Saindua eta haren lagunak heldu ziren Auzerreko hirira, edo hobeki errateko, Auzerreko hiri haren ondoan, San Erromano zagon komentura.
San Erromanoz jadanik mintzatuak gare.
San Erromano, orduan Auzerreko hiriaren ondoan zagona, hura zen fraidea hirur urthez hazi zuena gure Aita loriosa, Subiakeko harpean.
Asmatzeko da, ian atseginik izatu othe zuen, San Benoaten haur batzuen ikusteaz.
Hemezortzigarren Kapitulua
Santa Escolazticaren azken aldikotz ikustea
eta Sainda haren heriotzea
San Maorek egiten zituelarik aiphatu ditugun mirakuiluak, eta horrela ezagutarazten hari zuelarik, Frantziako hirietan eta herrietan gaindi, bere Aita Abade Sainduaren izena, San Benoat bera hari zen heriotze on baten egiterat ahalik hobekiena preparatzen.
Eta nola Jainko Jauna bera baita, ematen darozkiguna merezimenduen irabazteko bideak eta graziak, Jainko Jaunak galdetzen ziozkan, batzu bertzen ondotik, haren bihotzak egin zetzazken sakrifizio guziak.
Jadanik heldua zelarik beraz, hil behar zen urthera, otsailaren seian athera zen komentutik, fraide lagun batzuekin, eta jautsi zen mendi mazelan zuten etxe ttikira. Hura zelakotz Santa Escolazticarekin mintzatzeko hitzartua zuten eguna.
Ez dugu zeren erran, Santa Escolazticak etzuela huts egin, harat joaitea, eta han izatea Anaia baino lehen.
Bertzalde, hala San Benoatek, nola haren arreba sainduak, biek bazakiten etzutela gehiago elkhar ikusiko mundu huntan.
Hala-hala, egun hartan guzian, etzuten bertze solhasik izatu, baizik ere zeruaz eta sainduek zeruan duketen zorionaz.
Arratsalde aphalean, ordukotz egina zutelarik halako orduetan egiten ohi zuten othuruntza ttikia, San Benoat xutitu zen, bazohala komenturat.
Eta nola Santa Escolaztica eta haren lagunak aintzina ere jarririk baitzauden, gure Aita loriosa hari zen bere gogoarekin, zergatik etziren hek ere abiatzen, arrebak erran zionean, zerutiar izpiritu baten mintzo ezti eta maitearekin:
«Beira, nere Anaia ona, etzaitzu, othoi, gaitzitu behar, zuk nahi etzinuken galde bat egiten badautzut. Badakizu ez dautzudala bertzerik eginen. Othoi beraz, sinhets nazazu:
»Nahi nuke baitezpada, gau hau guzia, egoten bagine elkharrekin. Behar gare mintzatu, bihar goiz-arteraino, zeruko atseginez eta zorionaz».
Ustegabeko galde horrek harritu zuen Benoat Saindua. Ezen ikusten zuen, gabaz komentutik kanpo egotea, eta hori, arrebari atsegin egitea gatik, Erregelaren haustea zela; eta, ordu berean, irakaspen txar baten ematea fraide guziei. Ihardetsi zion, beraz, bizi-bizia:
«Zer tutzu solhas horiek? Zer iragan zaitzu burutik, holako galde baten niri egiteko? Zergatik galdegin, onhets ez dezakedana?».
Escolazticak bazuen aski entzunik. Bazakien arras ongi, haren anaiari gauza baten galdetzea behin edo hamarretan, batera zohala; etzela hura gizona, egiteko bertze baten atseginaren gatik, kontzientziak onhartzen etzion gauza.
Eta bizkitartean, nahi zuken, oraino ere, mintzarazi Jainko Jaunaz, zeruaz eta zeruko gauzez. Zeren eta, ordu arteraino erran ziozkanek ez baitzioten bertzerik egin, baizik ere, hazi eta hazkartu Jainkoaren amodioa, eta su handiago batez sutan ezarri bihotz guzia.
Sainduak bere eza erran zioneko beraz, pausatu bere bi eskuak mahainaren gainean, eta gorde zuen begitartea hekien barnean, hobeki othoitz egiteko.
Harrek burua aphaltzean, zerua dena izarrez bethea zen, eta etzen nihon hedoiik xumerena ere ageri. Eta halarik ere, othoitz labur bat egin-eta, burua altxatu zuenean, edo hobeki errateko, harrek burua altxatzearekin batean, jadaneko denbora belztua zen, ximixta ikharagarri batzuk joan nahi zuten begietako argia, ihurtzuriak hari ziren karraskarik handienean, eta uria ere hari zen jauts ahala-jauts.
San Gregoriok dio, emakume saindu harrek mahainaren gainera egin zituen nigarrak zirela hedoi eta uri bilhakatu.
Jainkoaren Zerbitzari handiak ikusi zuen halako ihurtzuri eta ximixtekin, eta halako uri ikharagarriarekin, etzitekela etxe hartarik athera. Bainan eman zion aditzerat arrebari, etziola atseginik egin, hitz hauk erraten ziozkalarik:
«Jainko Jaunak barkha dezautzula zure lana! Bainan errazu, zer haritu zaizkit?».
Eta Santa Escolazticak ihardetsi zion, irri ezti bat egiten ziolarik:
«Ni, zer haritu naizen? Huna: othoiztu zaitudanean, eman zinezadan gauza bat, atseginik handiena egin behar zarotana, badakizu nola hartu nauzun. Orduan hersatu edo adrezatu naiz Jesus Jaunari, eta horra, nola Jesus Jaunak ihardetsi duen nere galdeari.
»Orai beraz, athera zaite, ahal baduzu! Utz nazazu ni hemen, eta zu, zohazi zure komenturat».
Nahi-eta-ez, San Benoatek ezagutu zuen Jesus Jaunak maite zuela handizki haren arreba saindua, hain laster onhetsi zuenaz geroz haren othoitza. Eta egin zuen bere baithan, Jainkoaren nahia zela gau hura han berean iragan zezan.
Santa Escolazticak erran zion hargatik bertze behin: «Hain ona zarenaz geroz, komentutik kanpo egoterainokoan gau bat osoa neregatik, egiazki eskerrak darozkitzut».
Sainduak aithortu zion, etzagola haren gatik, edo hari atsegin egin beharrez, bainan bakharrik Jainkoaren nahia hala zelakotz. Eta hasi ziren, berriz ere, zeruaz eta zeruko gauzez mintzatzen. Eta oraino ere, hala-hala mintzo ziren, ohartu zirenean gaba iragana zela, eta jadaneko argia hasia.